PuntuEUS Fundazioak Interneteko bi zerbitzu garatu ditu: labur.eus eta whois.eus

  • Labur.eus, euskarazko url laburtzailea, eta Whois.eus, domeinuen kontsulta-tresna, gisa honetako bakarrak dira euskaraz.
  • .EUS domeinuak 2 urte betetzen ditu abenduaren 3an eta eskaintza bereziarekin ospatuko du urtebetetzea: egunotan, 9,95 euroan eskuratu daiteke domeinu-izena.

PuntuEUS Fundazioaren misioa euskara ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da. Horrela, sortzetik euskara ingurune digitalean sustatzeko proiektu bat baino gehiago gizarteratu ditu; hala nola, PuntuEUS Behatokia, Sarean.eus eta Euskarazko Interneten Eguna. Bigarren urtebetetzearekin batera, abenduaren 3an, beste bi zerbitzu sareratuko ditu. Labur.eus eta Whois.eus. Bi zerbitzu hauek gainera kode irekian garatu dira, eta kodea eskuragarri dago nahi duenarentzat.

PuntuEUSek garatu eta Euskararen Nazioarteko Egunean sareratuko diren egitasmo hauen originaltasun-zantzu nagusia euskaraz egotea da. Gaur egun sarean eskuragarri dauden tresna guztiak beste hizkuntzaren batean daude (ingelesez gehienbat) eta atzerrian garatuak izan dira.

 

Labur.eus

Estekak laburtzeko euskarazko zerbitzua da. Url luzeak helbide motz eta erraz bihurtzea ahalbidetzen du, baita helbide horiek pertsonalizatzea ere. Tresna honi esker helbide zail eta luzeak gogorarazteko erraz bihurtzen ditu. Gainera, erabiltzaileak sortutako URL laburren histora kontsultatzeko aukera eskaintzen du.

Garai batean ttiki.com-ek eskaintzen zuen zerbitzu hau, baina itxi zuen webgunea. Labur.eus PuntuEUS Fundazioak eta Dinahosting-ek elkarlanean garatutako proiektua da, Polr 2-n oinarrituta dago eta GNU GPL lizentzia du.

 

Whois.eus

Whois.eus euskarazko WHOIS zerbitzu publikoa da, webgune edo domeinu-izenei buruzko informazioa eskuratzeko tresna. Tresna honekin edozein domeinu-izenen erregistroan erabilitako informazioa eta bere eskuragarritasuna ikusi ahalko ditu erabiltzaileak. Ezagutza teknikoa ez dutenek domeinu-izen bati lotutako informazioa kontsultatzeko aukera ematen du, baita domeinu-izen hori libre dagoen ala ez jakiteko ere. Zerbitzu honek .EUS domeinuaz gain TLD nagusiak (.com, .net, .org, etab.) kontsultatzeko aukera ematen du, informazioa euskaraz itzuliz.

Ikuspegi teknologikotik, berriz, Whois.eus webgunea aitzindaria da WHOIS kontsulten bidez eskuratutako informazioa modu egituratu batean bistaratzen. Izan ere, orain arte garatu diren tresnek emaitzak testu luze baten bidez bistaratzen dituzte, informazioaren interpretazioa zailduz. Gainera, beste WHOIS kontsulta tresna batzuek ez bezala, webgune honek .EUS domeinu-izenen informazioa bistaratzeko gaitasuna du.

Whois.eus garatzeko erabili den Bootstrap framework-a kode irekikoa da, edonork har dezake iturburu-kodea bere proiektuetan erabiltzeko, behar izatekotan kodeari aldaketak eginez. Proiektuan parte hartzen duen garatzaile komunitate handi bat dago horretan laguntzeko.

Bi urte dira .EUS domeinua eskuragarri dagoenetik, eta bi urte hauetan 6.100 enpresa, erakunde eta norbanakok komunitatearekin bat egin dute domeinu-izenak erregistratuz. Une honetan, .EUS da Euskal Herrian gehien hazten den domeinua eta hazten den bakarra Hego Euskal Herrian.

.EUS domeinua PuntuEUS Fundazioak kudeatzen du, haren ardura da domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzea. Baina, ez da ardura bakarra. Ingurune digitalean Euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin lan egiten du.