Bokazio eta gaitasun teknologikoak sustatzeko hitzarmena sinatu dute BBK eta PUNTUEUSek

  • Hitzarmen honen bitartez, BBK Kaixomundua.eus hezkuntza-ekimenaren erakunde kolaboratzailea izango da
  • Webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu PUNTUEUSek bosgarren urtez antolatu duen Kaixomundua.eus ekimenak

PUNTUEUSek eta BBK-k lankidetza hitzarmena sinatu dute bokazio eta gaitasun teknologikoak sustatzeko helburuarekin. PUNTUEUSek urte asko daramatza STEAM alorreko proiektuak aurrera eramaten eta euskal gizartearen transformazio digitala euskaratik sustatzen.

BBK-k, bestalde, kultura eraldaketa sozialaren bultzatzaile gisa ulertzen du eta filosofia horretan baitan, euskara eta hizkuntza berdintasuna sustatzen ditu, jendeari euskarazko kultura-jardueretarako sarbidea erraztuz eta hizkuntza-normalizazioa eskaintzen.  

Hori horrela, PUNTUEUSek antolatzen duen Kaixomundua.eus lehiaketaren erakunde kolaboratzailea izango da BBK. “Oso pozik gaude horrelako proiektu baten parte-hartzeagatik, BBKren filosofiaren ardatzetako bat baita gazteak STEM disziplinetara gertutatzea”, adierazi du Koldo Bilbaok, BBK-ko kultura eta euskararen arduradunak. 

Ekimena eskola-komunitateari begira sortutako proiektua da eta webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak.

Sortzaile digitalak

Horretarako, ikasleek webgune erreal bat sortu behar dute lan motibatzaile baten bidez, eta kontsumitzaile digital izanik, sortzaile izateko gaitasunak eskuratu behar dituzte. Bestalde, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza indartzea ere bada lehiaketaren xedeetako bat.

“Ikasleek webguneak garatzeko prozesu osoan beharrezkoak dituzten materialak ere eskuragarri izango dituzte uneoro webgunean, eta ondorioz, autonomia gehiago izango dute proiektua garatzeko”, gehitu du Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak. Prozesu osoan laguntzeko, testu-ingurua eman eta ebaluatzeko hainbat tresna aurkitu ahal izango dituzte Kaixomundua webgunean, besteak beste, unitate didaktikoa, bideotutorialak eta ebaluazio teknikoa egiteko jarraibideak.

Ikasturte berriarekin ireki dute antolatzaileek aurtengo edizioan izen-emateko epea, eta 1.300 ikasleren parte-hartzea espero dute. 

STEAM Euskadi sarietako irabazlea

Iazko STEAM Euskadi sarietako irabazleetako bat izan zen Kaixomundua.eus lehiaketa. Hiru kategorietan banatu zen sari banaketa. Alde batetik, hezkuntza-zentroek sustatutako STEAM hezkuntzako ekimenak; bestetik, unibertsitateek eta lanbide-heziketako zentroek sustatutako STEAM hezkuntza ekimenak; eta, azkenik, erakunde sozioekonomikoek sustatutako STEAM hezkuntza ekimenak.

Azken talde honetan sari bikoitza jaso zuen Kaixomundua.eus proiektuak, izan ere kategoria honetako 1. saria eta genero-ikuspegiaren arloko aipamen berezia jaso zituen.

Testuinguru honetan, urriaren 18an arrakasta kasu gisa aurkeztuko dute Kaixomundua.eus ekimena STEAM Euskadi Topaketetan. Jardunaldi horretan, STEAM hezkuntzaren funtsezko gaiak jorratuko dira, hala nola hainbat irakasgairen integrazioa, metodologia aktibo egokienak, kultura zientifikoa eta pentsamendu kritikoa, etab.