.EUS haziz eta egonkortuz
.EUS domeinua publiko egin zenetik bi urte bete direnean domeinuak bere tokia hartu du euskal Interneten. 2016. urtean ezarritako helburu guztiak bete ditugu, .EUS TLDak urte amaieran guztira 6.302 domeinu-izen izanik.
Domeinuaren hazkundea mantentzea lortu da, .EUSek 2016an %28ko hazkunde-tasa izan duelarik, grafikan ikusten den moduan Euskal Herrian Interneteko domeinu gehienek merkatu-kuota galtzen zuten bitartean, .EUS izan da nabarmen hazi den bakarra. Baina hazkundeaz gain, egonkortasuna bermatzea garrantzitsua da, eta 2016an .EUS domeinuen berritze-tasa %89koa izan da, hau ere Interneteko domeinuek izan ohi duten tasa baino askoz handiagoa.
PuntuEUS Behatokian 2015. urtean egindako azterketaren arabera, .EUS domeinua Euskal Herriko TLD merkatuan 8. posizioan kokatzen zen. 2016. urtearen amaierarako posizio hau hobetzea lortu du, .INFO domeinua aurreratuz eta 7. tokia hartuz. Gure helburua da 2020. urterako .EUS Euskal Herriko merkatuan 3. posizioa hartzea, eta domeinuaren hazkunde-tasak zein merkatuaren eboluzioak bide horretan optimista izatera animatzen gaitu.