Euskarak ikusgarritasuna berreskuratu du Googlen bilaketetan
- PUNTUEUS Fundazioak uztailean egindako salaketen ondoren, bilaketetan erabiltzen duen algoritmoa eguneratu du Googlek
- Barne ikerketan aztertutako lagina berrikusi ondoren, euskarazko emaitzen kopurua %73 dela baieztatu du. Uztailean kopuru hau %50ean zegoen
Googlek PUNTUEUS entzun du. PUNTUEUS Fundazioak euskara esparru digitalean lehen mailakoa izan dadin egiten du lan, eta azken hilabeteetan egindako ikerketa, lan zein hausnarketek, emaitza positiboak ekarri ditu.
Izan ere, Googlen bilatzailearen emaitzek euskarazko web edukien ikusgarritasuna denbora luze batez kaltetzen jardun ondoren, bilaketen emaitzetan euskarazko edukia lehen tokira itzultzea lortu dute.
Pasa den uztailean PUNTUEUS Fundazioak euskarak bilatzailearen emaitzetan jasandako atzera pausua salatu eta gero, Googlek aldaketak aplikatu ditu bere algoritmoetan, eta, gaur, euskarazko web-edukiaren ikusgarritasuna nabarmen hobetu dela egiazta daiteke.
PUNTUEUSek arazoa detektatu zuenean egindako azterketaren arabera Googlen bilaketa zerbitzuan euskara gazteleraren mesedetan diskriminatzen zela identifikatu zuen. Momentu horretan, aztertutako laginaren emaitzen %50 soilik agertzen zen euskaraz lehen tokian bilatzailearen emaitzetan.
PUNTUEUSek Googlen esku utzi zituen azterketaren emaitzak bilatzailean euskararen presentzia berreskuratzeko, eta bai lortu ere. Googlek gaur atera duen oharrean, bere bilatzailearen algoritmoa hizkuntzen tratamendu egokiagoa egiteko asmoz eguneratu duela azaldu du, PUNTUEUS bezala bidelagun izan dituen erakundeen ekarpena eskertuz.
Ondorioz, euskarak merezi duen ikusgarritasuna berreskuratzen hasi da Google bilatzailearen emaitzetan. Algoritmoaren aldaketari esker, eta PUNTUEUSek bere ikerketan aztertutako lagina berriz aztertu ondoren, gaur egun Google bilaketetan euskarazko emaitzen %73 agertzen da lehen tokian, joan den uztailean %50 besterik ez zen bitartean.
Albiste pozgarria
“Pozgarria da Googlek Interneteko euskal komunitatea entzun eta bere bilatzailean euskarari dagokion tokia berreskuratzeko urratsak eman dituela ikustea. PUNTUEUSetik lanean jarraituko dugu euskara bilatzaileetan eta ingurune digitalean orohar lehen mailako hizkuntza izan dadin”, azaldu du Josu Waliñok, PUNTUEUS Fundazioko zuzendari nagusiak.
Euskarazko Wikipediaren kasuan ere, datuek hoberantz egin dutela baieztatu da. Duela bi hilabeteko emaitzei erreparatuz gero, Google bilaketetan Wikipediako euskarazko emaitzak %45 soilik lehenesten ziren. Algoritmoaren aldaketen ondoren, %80 dira lehen tokian agertzen diren euskarazko emaitzak.
Kezkaren eta ondorengo salaketaren abiapuntuetako bat Aliança per la Presència Digital del Català erankundeak egindako ikerketa izan zen. Albert Cuesta koordinatzaileak uztaileko prentsaurrean azaldu zuen bezala, bilaketak egiterako orduan Googlen algoritmoak katalanaren ikusgarritasunean duen eragina aztertu zuten, eta 2022ko udaberritik aurrera, gaztelaniazko emaitzak lehenesten eta katalanez zeudenak zigortzen zebilela ondorioztatu zuten. Gaur, euskararen kasuan bezala, katalanak ere Interneten zuen tokia berreskuratzeko aurrerapauso nabarmena eman du Googlek egindako eguneratzeari esker.