Euskararen Interneteko egoeran eragiteko estrategiak behar direla azpimarratu du PuntuEUS Fundazioak
- Euskararen Interneteko erabilera egonkor mantendu da azken 3 urteetan
- Behatokian oinarrituta ‘.EUS mapa’ garatu du Irontecek
- .EUS domeinuaren hazkundea bereziki enpresetan ari da gertatzen
Hirugarren urtez jarraian euskarak Interneten duen presentzia aztertu du PuntuEUS Behatokiak. Behatokiak hiru alor neurtzen ditu: .EUS domeinuaren egoera, Internet Euskal Herrian eta euskararen egoera Interneten.
PuntuEUS Behatokia PuntuEUS Fundazioaren ekimena da, eta euskarak Interneten duen egoera neurtzen du; emaitzak webgunean daude ikusgai. Azterketa urtean behin egiten da, eta 2017ko datuen gainean egindako neurketaren emaitza aurkeztu dute Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Diputatuak eta Josu Waliño PuntuEUS Fundazioaren zuzendariak, Bilbon egindako agerraldian.
Behatokiak Euskal Herriko Internet neurtu duen hiru urte hauetan datuak gutxi aldatu direla nabarmendu du Waliñok. Azken hiru urteotan antzeko emaitzak jaso izanak agerian uzten du Interneten hizkuntza ohiturak aldatzeko epe ertain-luzeko politikak behar direla eta argazkia ez dela egunez egun aldatzen.
Euskal Herriko webgune guztiak aintzat hartuz gero, euskarazko edukia duten webguneak 26.663 dira, guztien % 16. Datu hori aurreko urteetako neurketetan lortutakoa baino zehatzagoa da, ikerketa egiten duen crawlerrean (neurtzeko erabiltzen den sistema) garatu diren hobekuntzei esker.
Euskararen erabilera oso bestelakoa da, fokua .EUS domeinudun webguneetan jarriz gero. Izan ere, .EUS domeinudun webguneen % 90ek euskara darabil.
.EUS erabiltzen duten webguneen artean, euskara (% 90) eta gaztelania (% 83) dira nagusi. Ondoren kokatuko litzateke ingelesa (% 47), eta, oso presentzia txikiarekin, frantsesa (% 12) eta beste hizkuntza batzuk (% 11).
Euskara eta gaztelania parekatuta daude oso, banaketa horretan, eta, hein batean, ulertzekoa da hori, webgune gehienak ele anitzekoak baitira, eta horietako asko hegoaldean kokatuta baitaude.
.EUS domeinuaren hazkundea bereziki enpresetan ari da gertatzen. Une honetan, .EUS domeinuen jabeen ia erdiak enpresak dira, % 43 hain zuzen ere, iaz baino bederatzi puntu gehiago.
Banaketa geografikoari dagokionez historikoki indartsuena Gipuzkoa izan den arren, azken urtean Bizkaian hazi da azkarrago .EUS komunitatea.
Azken ekitaldian, % 22 hazi zen .EUS domeinua, eta, une honetan, 8.100 domeinu izen daude erregistratuta.
.EUS mapa
PuntuEUS Behatokiaren helburua euskarak Interneten duen presentzia indartzeko behar diren estrategia eta politikak definitzeko behar den tresna eskaintzea da. Tresna irekia da, eta euskal gizarte osoaren eskura dago, nahieran erabiltzeko.
PuntuEUS Behatokia erabili du, hain zuzen, Irontec enpresa teknologikoak, `.EUS mapa’ proiektua garatzeko. Proiektu honen helburua domeinu-izenen erregistroen bilakaera historikoa grafikoki aurkeztea eta domeinu-izenei buruzko informazio teknikoaren egoera eta bilakaera aurkeztea da. Irontecek garatu duen proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du.