Ingurune digitalean hizkuntza-aniztasuna bermatzeko eskatu du PUNTUEUSek Europako Legebiltzarrean

  • PUNTUEUSek euskarak Interneten eta, batez ere, Googlen tresna eta zerbitzuetan duen egoera aurkeztu du Estrasburgoko kamerako hizkuntza gutxituen lan-taldean.
  • Josu Waliño: “Industria digitaleko enpresa handiek beren tresna eta zerbitzuetan Europako hizkuntza guztien presentzia bermatzea ezinbestekoa da Europako kultura eta hizkuntzen etorkizuna bermatzeko.”

PUNTUEUSek, Europako Legebiltzarrean egindako agerraldian, azaldu du industria teknologikoko handiek ezikusiarena egiten diotela Europako hizkuntza-aniztasunari; hiztun gutxiago dituzten hizkuntzen ikusgarritasuna oztopatu eta, ondorioz, normalizazioa oztopatzen dute. 

Europako Legebiltzarreko plenoko hizkuntza gutxituen lan-taldean egin du agerraldia, Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendariak eta euskarari Interneten jartzen zaizkion mugak utzi ditu agerian. 

Uztailean prentsaurrekoan aurkeztu bezala, Googlen bilaketa zerbitzuak euskara diskriminatzen zuela azaldu du Waliñok Estrasburgon. Hizkuntza-komunitatearen eraginez Googlek bere bilaketa-motorraren algoritmoa eguneratu eta egoera zuzendu zuen, baina Waliñok Europako Legebiltzarrean salatu duenez, Googlek euskara baztertzen jarraitzen du eskaintzen dituen beste hainbat zerbitzutan. Hala nola, Google Ads, Google Chrome eta Google Advanced Search zerbitzuetan. 

“Googlek bere bilaketa-algoritmoa eguneratu badu ere, oraindik, badira euskara baztertzen duten Googleren beste tresna eta zerbitzu batzuk, eta horiek ere gure hizkuntza sartu behar dute aukeren artean”, adierazi du PUNTUEUSeko zuzendariak.

Hizkuntza-politika digitalen beharra

Transformazio digitalak gizartea eraldatzeko duen gaitasunak zuzenean eragiten ari zaie hizkuntzen garapenari, eta, industria teknologikoko enpresa handiek ezarritako hizkuntza-politikak munduko hizkuntza handienak indartu eta gainerakoak baztertzen ari dira. 
Waliñoren hitzetan, “Ingurune Digitala, dakigun bezala, ez da Internetera mugatzen. Egunero eta uneoro inguratzen gaituen teknologiaz ari gara. Ingurune digitala funtsezkoa da gure eguneroko ekintza eta harremanetan”. Horregatik, “ezinbestekoa da plataforma digitalek Europako hizkuntza guztien presentzia bermatzea beren tresna eta zerbitzuetan, Europako kulturak eta hizkuntzak zaindu, garatu eta iraunarazteko”.

PUNTUEUSi buruz

PUNTUEUSek aurkeztu zuen, 2012ko maiatzean, .EUS domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean. Eta hura da, 2013an onarpena jaso zuenetik, .EUS domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea.

PUNTUEUSen misioa gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da, eta hau gauzatzeko .EUS domeinuaren zabalkundea sustatu eta transformazio digitaleko proiektu aurreratuak jartzen ditu abian. Une honetan, 14.000tik gora .EUS domeinu daude erregistratuta.