Kultura eta lurralde bat ordezkatzen duten domeinuak erregistratzaileekin elkartu dira Bartzelonan

PuntuGal, PuntuEus, PuntCat eta PuntBarcelona domeinuek erregistratzaileekin lansaio bat antolatu dute etorkizuneko planak eta ikuspuntuak partekatzeko.
Iberiar penintsulako hizkuntza-, kultura- eta lurralde-eremuak ordezkatzen dituzten domeinuek bilera egin dute egunean zehar, etorkizuneko planak, aurtengo merkataritza-ekintzak eta merkatuaren eta sarearen bilakaeraren aurreikuspenak bateratzeko.
Lansaioan parte hartu duten lau domeinuak, era berean, GeoTLD taldeko kideak dira. GeoTLDek jatorri geografiko, linguistiko eta kulturaleko domeinuak biltzen dituzte. Horien artean daude .scot (Eskozia), .london (Londres) edo .bzh (Bretainia), besteak beste. GeoTLD taldean, publiko orokorrarekin edo ICANN Interneteko gobernantza-organoekin komunikazio-ekintza bateratuak egiten dira.
Merkatuko erregistratzaile garrantzitsuenak, hau da, domeinuak azken bezeroari saltzeko baimena duten enpresak ere bertaratu dira eta guztira, hogeita hamar lagun inguru elkartu dira.
Etorkizuneko aurreikuspenak
Albert Cuestak dinamizatuta, lansaioa Josep Maria Ganyet eta Marc Argemíren arteko elkarrizketarekin hasi da. Adimen artifizialak sarean nabigatzean duen eragina eta domeinuen merkatuan duen influentzia izan dira aztergai, bai eta Interneteko segurtasun eta identitaterako duen garrantzia ere.
Josep Maria Ganyet ingeniari informatikoa, enpresaria eta unibertsitateko irakaslea da. La democracia àcia mor al núvol argitaratu berri du, zeinak sareko espioitzaren arriskuez eta norbanakoen askatasunarentzat dakartzan mehatxuaz ohartarazten baituen.
Marc Argemí kazetaritzan doktoratu zen zurrumurruen eta albisteen sinesgarritasunari buruzko tesiarekin, eta gaur egun bere komunikazio-agentzia, Sibilare, zuzentzen du.
Albert Cuesta kontsumo-elektronikan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan espezializatutako kazetaria da. Hainbat komunikabiderekin dituen lankidetzez gain, unibertsitateko irakasle ere bada, eta hainbat errekonozimendu jaso ditu dibulgazio lanengatik.
Domeinuen lehentasunak
Saioaren bigarren zatian, domeinu bakoitzak momentuko egoeraren berri eman du, aurtengo eta 2024 urterako planak eta asmoak zeintzuk diren jakinaraztearekin batera.
Besteak beste, adimen artifizialaren agerpena, Europako legediaren aldaketak eta erabiltzaileen datuen babesa izan dira eztabaidagaietako batzuk. Zibersegurtasuna, Internet seguruagoa izateko domeinuek egiten duten lana eta online identitatea ziurtatzeko aukera berriak ere landu dira.
Berehalako ekimen gisa, markarekin lotutako ekintzak edo ekimen komertzial bateratuak abian jartzeko aukera aipatu da ere.
Bazkari batek eman dio amaiera lansaioari, etorkizunean, amankomuneko zereginak berrartzeko asmoa erakutsi dutelarik.
PuntoGali buruz
2014az geroztik, Galiziako domeinua kudeatzen duen erakundea da PuntoGal. 2006an sortu zen, eta hiru eremu nagusitan egiten du lan: domeinuen kudeaketa, Galiziaren nazioarteko ordezkaritza Internet kudeatzeko erakundeetan eta teknologiaren, sarearen, hizkuntzaren eta kulturaren arloko ekimenei laguntzeko ekintza korporatiboak. Gaur egun 6.900 .gal domeinu inguru daude erregistratuta.
PUNTUEUSi buruz
PUNTUEUS da .EUS domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeaz arduratzen den erakundea. 2012ko maiatzean, PUNTUEUSek .EUS domeinu-eskaera aurkeztu zuen ICANNen aurrean, eta fundazioak sinatu zuen kontratua, 2013ko abenduan, Internet kudeatzen duen organoarekin.
PUNTUEUSen xedea da euskararen bidez gizartearen eraldaketa digitalean eragitea, .EUS domeinuaren hedapena sustatuz eta eraldaketa digitalerako proiektu aurreratuak abian jarriz. Une honetan, 14.000 .EUS domeinu baino gehiago daude erregistratuta.
PuntCati buruz
.cat Fundazioa irabazi-asmorik gabeko eta filiazio politikorik gabeko erakunde pribatua da. .cat domeinua kudeatzeaz arduratzen da eta helburu nagusien artean, .cat domeinua kudeatu eta sustatzeko jarduerak abiatzea, nortasun katalana bultzatzea eta Interneten eta IKTen esparruan katalanaren erabilera normalizatzea aurkitzen dira. 2006an sortu zen .cat domeinua, eta hizkuntza eta kultura komunitate bati lotutako lehen domeinua izan zen.
.Barcelonari buruz
.Barcelona Bartzelonarekin duzun harremana adieraziz munduari aurkezteko aukera ematen dizun Interneteko domeinua da. Bartzelonako Udalak .barcelona domeinua eskuratu zuen 2015ean, Interneten, identifikatzaile bat izateko hiriaren izenari eta balioei lotutako online presentzia izan nahi duten guztiei.