Nola eskatu Izenperen doako SSL ziurtagiria?

SSL ziurtagiriek gure webguneetan HTTPS protokoloa erabiltzea ahalbidetzen dute, webguneko erabiltzaileen eta zerbitzariaren arteko komunikazioa modu seguru batean egin ahal izateko. SSL ziurtagiriak gure webgunea kokatuta dagoen zerbitzarian instalatzen dira eta zerbitzari eta erabiltzaileen arteko informazio elkartrukea modu enkriptatuan egiteari esker segurtasun arazo ohikoenetako batzuetatik babesten gaituzte, esate baterako, Man in the Middle erasoetaz.

Segurtasunaz gain, azken aldian SSL ziurtagiriek gero eta garrantzia handiagoa daukate, Google-ek posizionamendua erabakitzeko irizpide garrantzitsu gisa erabiltzen dituenetik. Hori dela eta, SSL ziurtagiri bat ez daukaten webguneek bere posizionamenduaren galera bat edukiko dute, denborarekin handituz joango dena. Gainera, nabigatzaileak abisua ematen hasi dira HTTPS erabiltzen ez duen webgune bat bisitatzen dugunean.

SSL ziurtagiriek duten (eta izango duten) garrantzia ikusita, Izenpe eta PuntuEUS Fundazioak zure .EUS domeinu-izenarentzako SSL ziurtagiri bat eskuratzeko aukera eskaintzen dizute, doan. Ziurtagiria Izenperen webgunean eskuratu dezakezu. Hauek dira jarraitu beharreko urratsak:

1 – Izenperen aplikazioan erabiltzaile-kontu bat sortu.

2 – Kontua sortu ahal izateko nahitaezko datuak bete beharko dituzu. Horietaz gain, Common name eremuaren bidez ziurtagiria sortu nahi diozun domeinua zehaztuko duzu. Ez da beharrezkoa orain zehaztea, gero ziurtagiria eskatzean egin ahalko duzu eta.

3 – Saioa hastean Ziurtagirien Kudeaketa fitxa sakatu eta Berria eskatu botoia sakatu, ziurtagiriaren eskaera egiteko.

4 – Ziurtagiria jaulkitzeko erabiliko den informazioa zehaztu beharko duzu orain. Eskatzailearen eta teknikariaren informazioaz aparte, Ziurtagiri mota aukeran SSL DV aukera hautatu beharko duzu. Ziurtagiriaren prezioa aukeran urte baterako dela zehaztu. Ziurtagiriaren datuak ataleko Domeinua eremuan zure .EUS domeinu-izena idatzi beharko duzu [1]. Bukatzeko, Eskaera teknikoa eremuan zure zerbitzarian sortutako .csr fitxategia hautatu beharko duzu. Fitxategi horrek zure zerbitzariaren informazioa dauka, SSL ziurtagiria sortzeko beharrezkoa dena. Fitxategi hori sortzeko azalpenak hemen aurki ditzakezu, zerbitzari ezberdinetarako. Laguntzarik behar baduzu, jarri harremanetan zure hosting hornitzailearekin eta beraiek lagunduko dizute fitxategia sortzen.

5 – Eskaera egitean kontua sortzeko erabilitako posta-helbidean mezu bat jasoko duzu, eskaera konfirmatzeko eskatuz. Konfirmatu ostean handik gutxira beste mezu bat jasoko duzu, ziurtagiria sortu dela esanez.

6 – Izenperen aplikazioko Ziurtagirien Kudeaketa fitxara joan eta bertan deskargatu ahalko duzu zure domeinu-izenaren SSL ziurtagiria gordetzen duen .cer fitxategia. Ziurtagiriaren fitxategia zure zerbitzarian instalatu beharko duzu. Hori egiteko laguntzarik behar izatekotan zure hosting hornitzailearekin harremanetan jarri eta ziurtagiria martxan jartzen lagunduko dizute.

[1] Kontutan izan SSL ziurtagiria Domeinua eremuan idatzitako domeinu-izenarentzako dela, ez ditu azpidomeinuak kontutan hartzen. Hau da, adibidea.eus idazten baduzu, ez du www.adibidea.eus domeinuarentzako balioko. Horretarako beste ziurtagiri eskaera bat egin beharko duzu domeinu-izen horrentzako.