Nola konfiguratu behar dut Elia plugina? [2/3]

Laguntza artikulu hau WordPress-eko Elia pluginaren funtzionamendu eta erabilera azaltzen duen artikulu seriearen bigarrena da, pluginaren instalazioa azaltzen duena. Elia plugina Elhuyar Fundazioak eta PuntuEUS Fundazioak elkarlanean garatutako plugin bat da, WordPress-ekin garatutako webguneentzat. Plugin honek zure webgunea eleanitz bihurtzeko aukera emango dizu, dagoeneko zure webgunean dauzkazun edukiak euskarara itzultzeko aukera eskainiz. Zehazki, itzulpenak gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana zein galizieratik euskarara egiteko aukera ematen du.

Serie honen gainontzeko artikuluak irakurri nahi badituzu, jarraian dituzu:

Pluginaren gaitzea

WordPress-eko administrazio gunearen ezkerraldean topatuko duzun “Pluginak” atala sakatu behar duzu horretarako.

Zure webgunean instalatuta dituzun pluginen zerrenda agertuko zaizu. Zerrenda horretan “Elia” bilatu, eta izenaren azpian agertuko zaizun “Aktibatu” aukera sakatu. Horren bidez plugina gaituta egongo da, erabilia izateko prest.

Plugina gaitzen duzunean, ohar bat agertuko zaizu, Elia konfiguratzeko eskatuz. Hori egiteko, “Konfiguratu Elia” botoia sakatu.

Konfigurazioaren lehen urratsa zure webgunearen hizkuntza nagusia zein den aukeratzea izango da, horretarako hizkuntz hautatzailea erabiliz. Behin hizkuntza zehaztuta, “Hurrengoa” aukera sakatu.

Orain, zure webgunean ezarri nahi dituzun hizkuntzak aukeratzeko tartea duzu. Eliaren doako bertsioak itzulpenak euskarara egiten ditu soilik, baina aukera daukazu webgunean beste edozein hizkuntza gehitzeko ere, hizkuntz horiei dagozkien itzulpenak zuk eginez edo ordainpeko bertsioa baliatuta. Euskara gehitzeko “Basque” aukera sakatu behar duzu. Hizkuntzak hautatu dituzunean, hurrengo urratsera joan zaitezke.

Hurrengo urratsean ezarpen batzuk moldatzeko aukera daukazu. Horren beharrik ez baduzu, “Hurrengoa” aukera sakatu eta hurrengo orrialdean “Finish” aukera sakatu.

APIrako sarbidea eskuratzea

Elia pluginaren bidez zure webgunea eleanitza izango da, webgunearen edukiak gainontzeko hizkuntzetara itzultzea soilik falta da. Itzulpen horiek zuk zeuk egin ditzakezu, baita Eliaren itzultzailea baliatuta ere. Pluginaren doako bertsioak Elhuyarren itzultzaile neuronalaren bidez euskararako itzulpenak egiteko aukera ematen dizu. Gainontzeko hizkuntzetarako itzulpenak egiteko ordainpeko bertsioa beharko duzu, info@elia.eus helbidean emango dizute horren inguruko informazio gehiago.

Horretarako Eliaren APIrako sarbidea ematen dizun API gako bat beharko duzu. .EUS domeinu-izen bat baduzu, API gako hori doan eskuratu ahalko duzu eskaera bat eginda. Eskaera https://labur.eus/elia-api helbidean topatuko duzun inprimakian egin behar duzu. Bertan zehaztu behar duzu zure .EUS domeinu-izena zein den, baita zure izen-abizen eta API gakoa jaso nahi duzun e-mail helbidea.

Pluginaren erabilera doakoa da .EUS domeinu-izen bat baduzu, beraz, eskaera egitean zure .EUS domeinu-izena zein den zehaztu beharko duzu. Itzultzailearen gehiegizko erabilera saihesteko, muga bat ezarriko da; beraz, ezingo dira hilean 20.000 hitz baino gehiago itzuli. Pluginak egiaztatuko du egiten diren itzulpen eskaera horiek zehaztutako domeinu-izen horretatik egiten direla. Eskaerak beste toki batetik egiten badira, baztertu egingo ditu.

Hala ere, beste domeinu-izen batera berbideratuta dagoen .EUS domeinu-izen bat baduzu, horrela ere doan erabili ahalko duzu plugina. Noski, API gakoaren eskaera egitean zure .EUS domeinu-izena zein den zehaztu beharko duzu, zure domeinu-izen nagusiaren ordez.

Behin API gakoa lortu duzula, zure webgunearen kudeaketa paneleko ezkerreko zutabean topatuko duzun “Elia” aukera sakatu.

Irekiko zaizun orrialdearen hasieran ikusiko duzu zure API gakoa zehazteko aukera. Bertan ikusiko dituzun “Api id” eta “Api Key” eremuetan gehitu beharko dituzu zure API gakoaren datuak. Bakoitza dagokion eremuan zehaztu ostean, “Gorde” botoia sakatu. Gakoa ondo gordetzean, “Aukera ondo gorde da” mezua ikusiko duzu.

Hizkuntzen URL egitura zehaztea (hautazkoa)

Orain ikusi berri dugun Elia pluginaren konfigurazio orrialdean zaudela, pluginaren beste ezarpen batzuk moldatzeko aukera izango duzu, zure webguneari hobe egokitzen zaion konfigurazio bat ezartzeko. Horietako bat da hizkuntz bakoitzak izango duen URL egitura zehaztea. Hiru aukera dituzu:

  1. Hizkuntz bakoitzak bere azpikarpeta edukitzea. Esaterako, adibidea.eus/eu/ euskarazko edukiarentzat, adibidea.eus/es/ gaztelaniazkoentzat, etab.
  2. Hizkuntz bakoitzak bere azpidomeinua edukitzea. Adibidez, eu.adibidea.eus euskararako, fr.adibidea.eus frantseserako…
  3. Hizkuntza helbidearen parametro bezala gehitzea. Esate baterako, adibidea.eus?lang=eu euskararako, adibidea.eus?lang=en ingeleserako, etab.

Aukera horietatik lehen aukera egokiagoa iruditzen zaigu baina edozein aukeratu dezakezu, zuk egokien ikusten duzuna. Zuk nahi duzun egitura zehazteko, “Hizkuntzaren URL-formatua” atalera joan, eta hautaketa egin ostean “Gorde” aukera sakatu.

Artikulu seriearen hurrengo alea irakurri nahi baduzu, irakurri Nola egiten dira itzulpenak Elia pluginarekin? artikulua.