GANDIK PROIEKTUA ZABALDU EGIN DA: 400 IKASLEK BAINO GEHIAGOK MERKATARITZAREN DIGITALIZAZIOA SUSTATUKO DUTE LAU UDALERRITAN

- Laudio, Mungia, Bergara eta Pasaia batuko dira ekimenera, EAEko lurralde guztira hedatuz.
- Udalerri bakoitzean, batez beste, 100 ikaslek eta 15 merkatarik hartuko dute parte belaunaldien arteko lankidetza sustatuz.
GANDIK proiektuak urrats sendo bat eman du bere garapenean. Aurreko ikasturtean Portugaleten eta Beasainen abiatutako fase pilotuaren ostean, ekimena sendotu egin da eta Euskal Autonomia Erkidegoko lau udalerri berritara iritsiko da 2026-2027 ikasturtean: Laudio, Mungia, Bergara eta Pasaia.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta PUNTUEUS Fundazioaren ekimen honek bi helburu nagusi uztartzen ditu: tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea eta, aldi berean, gazteen gaitasun digitalak garatzea.
Josu Waliño PUNTUEUSeko zuzendariak adierazi du pozgarria dela GANDIK proiektua herri berrietara hedatzea. Haren hitzetan, ekimen honetan, tokiko merkataritzaren lehiakortasuna indartzen da ikasleekin gauzatzen den elkarlanari esker: “pozik eta harro gaude proiektuak izaten ari duen harrera eta garapenarengatik. Gazteak eta merkatariak ingurune digitalean elkartzeak komunitatea eraikitzen du.”
Bestalde, Javier Hurtado sailburuak nabarmendu duenez, “PuntuEus proiektua Eusko Jaurlaritzak tokiko merkataritza lehiakorragoa, berritzaileagoa, digitalagoa eta herritarren beharrekin konektatuagoa bultzatzeko egindako apustuaren barruan kokatzen da. Udalerri berrietara zabaltzeak aukera emango du ekimen honen irismena zabaltzeko eta hurbileko merkataritzari laguntzeko politika publikoekin duen lotura indartzeko, saltokien eta ikasleen arteko lankidetza bultzatuz eta merkataritza-jarduera dinamizatzeko tresna berriak sortuz. Horrela, PuntuEus euskal merkataritza modernizatzeko eta eraldatzeko estrategiarekin bat datorren tresna gisa finkatzen da, gure udalerrietako merkataritza-sarea indartzen eta hurbileko merkataritza bizia, erakargarria eta kontsumo-ohitura berrietara egokitua mantentzen lagunduz “.
BELAUNALDIEN ARTEKO LANKIDETZA ABIAPUNTU
Proiektuaren fase berri honetan, parte-hartzea nabarmen haziko da. Udalerri bakoitzean, batez beste 100 ikaslek eta 15 merkatarik hartuko dute parte. DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek, beren irakasleen gidaritzapean eta PUNTUEUSen laguntzarekin, herriko saltokientzako webguneak garatuko dituzte.
Eredu honi esker, merkatariek ez dute ezagutza teknikorik edo baliabide handirik behar, gazteak arduratuko baitira webguneak sortzeaz. Horrez gain, webgune bakoitzak urtebetez doako .EUS domeinua eta zerbitzaria izango ditu PUNTUEUSen ekarpenari esker, eta saltokiei prestakuntza eskainiko zaie beren webgunea modu autonomoan kudeatu ahal izateko.
GANDIK proiektuaren bereizgarrietako bat euskararen presentzia digitala sustatzea da. Webgune guztiak gutxienez euskaraz sortuko dira, eta merkatariek beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dituzte, hala nola gaztelania edo ingelesa, haien bezeroen beharren arabera. Edukiak euskaraz sortzeak balio erantsia ematen dio proiektuari, merkataritzaren digitalizaziotik harago, hizkuntza eraldaketa digitalaren erdigunean kokatzen du.
PROIEKTU PILOTU ARRAKASTATSUA
2025-2026 ikasturtean abiatu zen GANDIK proiektua Portugaleten eta Beasainen. Herriko ikasleek 18 eta 12 merkatariren webguneak sortu zituzten, hurrenez hurren. Lankidetza honi esker, ikasleek webgune bat zerotik sortzeaz gain, tokiko merkataritza ezagutzeko aukera izan zuten eta merkatariek trukean, webgune bat eskuratu zuten euskaraz eta doan. Ikasturte amaierako ekitaldiarekin itxi zen proiektu pilotua bi herri hauetan. Balorazio positiboa egin zuten ekimenaren antolatzaileek, ikastetxeek eta merkatariek.
Informazio gehiago: www.gandik.eus