La Fondation Euskaltel et PUNTUEUS ont signé un accord pour promouvoir les compétences STEAM chez les jeunes
- Hitzarmen honen bitartez, Euskaltel Fundazioa Kaixomundua.eus hezkuntza-proiektuaren babeslea izango da.
- Webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalak garatu eta euskarazko sorkuntza digitala 12-18 urteko gazteen artean sustatzea dira Kaixomundua.eus-en helburuak.
- Abiatu berri den edizioan ikasleentzako baliabide berriak argitaratu dira.
Euskaltel Fundazioak eta PUNTUEUSek hitzarmena sinatu dute gazteen artean STEAM gaitasunak sustatzeko. PUNTUEUSen jarduera-eremuen artean aurkitzen dira STEAM bokazioak sustatzea eta euskal gizartearen gaitasun digitalak bultzatzea eta horretarako, hainbat proiektu sortu ditu.
Euskaltel Fundazioak, bere aldetik, IKTen erabileraren esparruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa eta harremana sortzea eta sustatzea ditu helburu. Helburu horiek betetzeko, gazteei eta ikasleei zuzendutako hainbat proiektu bultzatzen ditu.
Horren erakusle da Kaixomundua.eus proiektuaren sorreratik, Euskaltel Fundazioaren lankidetza. Hasiera-hasieratik, proiektuaren kolaboratzaile izan da eta abiatu berri den edizioan, 2024-2025, proiektuaren babeslea izango da.
Gaitasun digitalen lanketa
Kaixomundua.eus proiektuaren baitan, ikasleek web-proiektu errealak sortzen dituzte ikasturtean zehar. Helburua, webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea da. Bide horretan, 2022an, Kaixomundua.eus-ek STEAM Euskadi saria eta genero-ikuspegiaren arloko aipamena eskuratu zituen, STEAM Euskadi Zigiluarekin batera.
Datuei erreparatuz gero, Euskal Herriko 54 ikastetxe eta 1.334 ikasleren parte-hartzearekin itxi zuen 2023-2024 edizioa eta dagoeneko izena eman daiteke edizio berrian.
Ikasleentzako baliabide berriak
Webguneak nola sortu azaltzen duten bideotutorialez gain, webguneen segurtasuna hobetzeko hiru bideotutorial gehitu dira baliabideen atalera. Lehenak, webguneen lege- oharra eta pribatutasun-politika nola garatu azaltzen du. Bigarren bideotutorialean, webgunean SSL ziurtagiria nola instalatu esplikatzen da eta hirugarren bideoak cookien- kudeatzailea instalatzeko jarraibideak aurkezten ditu. Aurrera begira, gazteek ingurune digitalean dituzten jarreren inguruan hausnartzeko bideo bat argitaratuko da. Horrez gain, irakasleek eskura dituzte Unitate Didaktikoak, ariketak eta Ebaluazio Teknikoa egiteko jarraibideak.