10 urte lehen .EUS domeinua sareratu zela

  • .EUS domeinuaren 10. urteurreneko hasiera ekitaldian .EUSek euskal Interneten izan duen eraginaz hitz egin dute adin eta esparru ezberdinetako 10 lagunek.
  • 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da .EUS.
  • Kanpaina berria: 10 urte betetzen ditugula? Domeinuak 10 €-an, eta puntu (eus)

Gaur, apirilak 15, betetzen dira 10 urte lehen .EUS webgunea sareratu zenetik: domeinuak.eus izan zen lehen webgune hura. Urte berean, 2015an, izango ziren beste mugarri garrantzitsu batzuk ere. 2014ko ekainaren 28an sareratuko ziren lehengo 92 .EUS aitzindariak eta. abenduaren 3an aktibatuko ziren beste 1.292 .EUS.

Egun berezi hau aukeratu du PUNTUEUSek, .EUS domeinuaren 10. urteurreneko ospakizunei hasiera emateko. EITBren Bilboko egoitza izan da aukeratutako topagunea eta adin eta esparru ezberdinetako 10 lagun elkartu dituzte solaserako. Oihane Mateos, eitb.eus-eko aktualitate arduradunak gidatu du 10 URTE ETA PUNTU (EUS) solasaldia.

Atzera begirakoan, Iñaki Goirizelaia PUNTUEUSen lehendakariak azaldu du .EUS sortu arte bazirela proiektuak eta ekimenak baina “ezin zen esan euskal Internet bat zegoenik, egin behar genuen. Bagenekien zerbait egin behar genuela, Interneten ez geneukan tokirik eta euskal nortasunak Interneten behar zuen tokia izan behar zuela erabaki genuen”.

Urte askotako lana izan zen, baina “erabaki egokia izan zela konturatu ginen berehala. Orain argi dugu erabaki hori hartu behar genuela. Bestela, nolakoa litzateke Internet, gaur egun, .EUS gabe?”

Josu Waliño, PUNTUEUSeko zuzendariak, .EUSen etengabeko hazkundea goraipatu du: “.EUSen ia 15.000 gara. .EUS ia 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da. Ingurune digital ziberseguru eta euskaldun baten hautua egin dutenen domeinua gara; eta, urtez urte gero eta gehiago gara. Izan ere, eraldaketa digital bete-betean gaude, punta-puntako teknologia dugu eta komunitate- eta partaidetza-sentimendua dugu. Enpresa eta ekintzailetza-proiektu berri askoren lehen hautua gara”.

Horrez gain, .EUSek euskal Interneten duen eraginaren argazkia egin du: “2023an egin dugun azken neurketak erakusten du Euskal Herriko Interneten dauden webguneen %15ek hitz egiten duela euskaraz .EUS diren webguneen %70 euskaraz dagoelako. Beraz, Internetek duen aniztasun horretan euskarak eta euskal komunitateak berariazko tokia irabazi dute .EUSi esker. .EUS domeinua euskal gizarte digital hobe baterako tresna da: euskaratik kohesionatuz, segurtasuna indartuz eta inklusioa sustatuz”. 

Solasaldi berean, Nacho Amadoz, domeinuen nazioarteko komunitatearen ordezkariak .EUS domeinua mundu mailan eredugarria den domeinua dela azpimarratu du, “bai bere komunitatean duen eraginagatik, bai gizartean duen onarpenagatik, bai kudeaketa eredu arduratsuagatik eta Interneten euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren tresnak sortzen egindako lanagatik”. 

10 urte asko edo gutxi izan daitezke baina Interneten gauza asko gertatu dira eta belaunaldi berriak ere iritsi dira. Gaur egungo Interneteko profesional berriak ume ziren lehen .EUSak sareratu zirenean. June Ibarloza UPV/EHUko Adimen Artifiziala graduko lehen promozioko ikaslea da, “nik beti ezagutu dut Internet .EUSekin”. Denbora laburrean aurrerapausu handiak emateko aukera ikusten du: “adimen artifizialean, gutxi arte, aritzen ginen oso maila globalean eta ingelesez eta ari gara euskararen erabilera normalizatzen. Iruditzen zait jarraituko dugula zabaltzen”.

10 urte betetzen ditugula? Domeinuak 10 €-an, eta puntu (eus) 

10. urteurrena mugarri garrantzitsua da, komunitate osoari dagokiona eta ospatzeko kanpaina abiatuko du PUNTUEUSek. Lorea Arakistain, PUNTUEUSeko marketin zuzendariak aurkeztu ditu kanpainaren helburuak: “garrantzitsuena urteurren hau gizarte osoarekin ospatzea da. Era berean, komunitatea zabaltzeko ariketa ere bada: komunitate handi eta askotarikoa garatzen ari gara. Eta, baliatuko dugu azaltzeko .EUS domeinuak zein balio bereizgarri dituen, .EUS domeinuak erabiltzaile bati ematen dion guztia”.

Urteurren borobila izaki eskaintza berezia sortu du domeinuak: “10 urte betetzen ditugula? Domeinuak 10 €-an, eta puntu (eus)” Horretarako, .EUS markaren funtsezko elementu batekin jolas egin dute mezua sortzerakoan, puntuarekin. Euskaraz horren adierazgarria den eta kitto esamoldea ordezkatu dute eta puntu (eus)-gatik. Kanpaina martxan dagoen bitartean, hau da, gaurtik 2024ko abenduaren 31ra bitartean, 10 euroan erregistratu ahal izango dira .EUS domeinuak.

Urteurrena, baina, hasi baino ez da egin. Gaur hasi eta urte amaiera bitarte hainbat ekimen garatuko dira .EUS direnentzat, .EUSera batuko diren guztientzat, eta guztion parte-hartzearekin.