2017, mugarriak gaindituz

Urte berezia izan da aurtengoa PuntuEUS Fundazioarentzat, iaz landutako PuntuEUS 2020 estrategia abiatzeko urtea izan baita. Estrategia horren baitan, lau erronka definitu genituen, eta erronka horiek gauzatzeko bidean jarri gara, urtean zehar mugarri garrantzitsuak gaindituz.

Domeinuaren eboluzioa aurreko urtean baino hobea izan da 2017. urtean: .EUS domeinua aurreikuspenen gainetik hazi da, batez beste, 2017an %21eko hazkundea izan du. Esan dezakegu, beraz, proiektua egonkortzeaz gain euskal komunitate digitalean indartzen ari dela, 2020. urterako ezarri genuen helburua betetzeko bidean: .EUS domeinua Euskal Herriko hirugarren domeinua izatea dugu helburu eta bidean goaz.

PuntuEUS Fundazioak 2017an betetako honako mugarriak azpimarra ditzakegu:

·      Domeinuaren prezioan jaitsiera: .EUS komunitatea handitzeak domeinua jaitsi ahal izatea ekarri du, eta 2017 hasieran .EUS domeinuaren prezioa jaitsi genuen erabiltzaile guztientzat.

·      PuntuEUS Fundazioak lehendakari berria: Iñaki Goirizelaia izendatu zuen patronatuak fundazioko lehendakari Joan Mari Torrealdairi txanda hartuz.

·      Domeinuaren hazkunde-maila %21ekoa izan da aurten, Euskal Herrian presentzia duten gainerako domeinuek baino 10 aldiz gehiago haziz.

·      Euskara Ingurune Digitalean indartzeko proiektu garrantzitsuak jarri ditugu abian: LehenHitza.eus, Tori.eus eta Labur.eus besteak beste.

·      Komunitatearekin elkarlana sustatu dugu, Maiatzaren 17an euskarazko Internet Eguna ospatuz eta Bilbon ICANNeko GeoTLD Group taldearen urteko asanblada antolatuz.

·      Sarean.eus webguneak irratira egin du salto Euskadi Irratia eta Euskaltelen lankidetzarekin.

·      Gazteak .EUS proiektuan inplikatzeko ahaleginean hitzarmena sinatu dugu EHU eta Mondragon Unibertsitatearekin, eta ondorioz, unibertsitate hauetako ikasleek .EUS domeinua doan dute aurrerantzean.

Horiek izan dira 2017ko gure jarduna bete duten lanetako batzuk, baina askoz gehiago ere izan dira. Guztiak gauzatu ahal izateko PuntuEUS komunitatearen laguntza eta babesa izan dugu, eta 2018an ere euskarak Ingurune Digitalean duen tokia indartzen jarraituko dugu komunitatearekin elkarlanean.