Kaixomundua.eus proiektua nagusitu da STEAM Euskadi Sarietan

Innobasque eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako sariketaren 3. edizioan erakunde sozioekonomikoek sustatutako STEAM hezkuntza ekimenak kategoriako 1. saria eta genero-ikuspegiaren arloko aipamen berezia jaso ditu Kaixomundua.eus-ek

STEAM Euskadi Sarietako irabazleetako bat izan da PUNTUEUS Fundazioak antolatzen duen Kaixumundua.eus ekimena. Lehiaketa hiru kategorietan banatu da. Alde batetik, hezkuntza-zentroek sustatutako STEAM hezkuntzako ekimenak; bestetik, unibertsitateek eta lanbide-heziketako zentroek sustatutako STEAM hezkuntza ekimenak; eta, azkenik, erakunde sozioekonomikoek sustatutako STEAM hezkuntza ekimenak.

Azken talde honetan sari bikoitza jaso du Kaixomundua.eus proiektuak, izan ere kategoria honetako 1. saria eta genero-ikuspegiaren arloko aipamen berezia jaso ditu. 

Euskadin garatzen ari diren eta estrategian ezarritako helburuak betetzen laguntzen ari diren STEAM hezkuntza-ekimenak identifikatzea du helburu sariak, baita STEAM izaera nabarmena dutenak hauei STEAM Euskadi zigilua aitortuz, berritzaileak eta bereziki neskato, neska gazte eta emakumeei zuzendutakoak aitortzea ere. 

Aurtengo edizioan, Hezkuntza Saileko Berritzeguneetako, Tknikako, Deustuko Unibertsitateko, EHUko eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako ordezkariek osatutako STEAM Euskadi Sarien 3. edizioko talde ebaluatzaileak 126 hautagai-zerrenda baloratu ditu, memorietan eskatzen ziren irizpideen arabera, eta horien artean irabazle gelditu da Kaixomundua.eus ekimena.

“Gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da PUNTUEUSen misioa, eta ildo horretan Kaixomundua.eus proiektua tresna garrantzitsua da. Gazteen konpetentzia digitalak sustatu eta bokazioak indartzen dituela ikusi dugu. Aurtengo edizioan 36 ikastetxetako 1.218 ikaslek hartu dute parte, eta datu hauek proiektuaren arrakasta nabarmentzen dute” azaldu du Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak. 

Proiektuaren helburua webguneak sortzen ikasiz, eskola-komunitatean gaitasun digitalen ezagutza sustatzea da. Lehiaketak, gainera, eduki digitalak euskaraz sortzea ere sustatu nahi du.

Saria Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuaren eskutik jaso dute PUNTUEUSeko ordezkariek, eta honelako proiektuen originaltasuna eta beharra azpimarratu ditu Bildarratzek.

Kaixomunduari.eus-i buruz

2018-2019ko ikasturtean jarri zuen martxan PUNTUEUS Fundazioak ikastetxeen arteko lehiaketa da Kaixomundua.eus. Ekimenaren xedea da ikasleek webgune erreal bat sortzea praktikan oinarritutako lan motibatzaile baten bidez, aukera izan dezaten kontsumitzaile digital izatetik sortzaile digital izatera pasatzeko. Aldi berean, eta webgunean bideo-trebakuntza bidez, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza hobetzea ere bada lehiaketaren helburuetako bat.

Proiektuaren sortzailea PUNTUEUS Fundazioa bada ere, babeslerik gabe ezin izango litzateke ekimena aurrera eraman. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskaltel Fundazioa dira babesle nagusiak, eta Dinahosting enpresa laguntzailea.