HARRITXU GETEK JASOKO DU 6. GLADYS SARIA

  • Sari-banaketa ekitaldia irailaren 24an egingo da Donostiako Santa Teresa komentuan, 18:00etan
  • Epaimahaiak bereziki baloratu ditu euskararako itzultzaile neuronalen garapenean egindako lana, genero-ikuspegiaren txertaketa eta neska gazteentzat inspirazio-iturri izateko erakutsitako konpromisoa.

Donostian, 2026ko irailaren 16an

Harritxu Gete Ugarte (Donostia, 1991) da 6. Gladys Sariaren irabazlea. Saria datorren irailaren 24an banatuko da, Donostiako Santa Teresa komentuan egingo den ekitaldi ofizialean, 18:00etan.


Epaimahaiak aurreratu duenez, “Harritxu Getek, Vicomtech zentro teknologikoko ikertzaile eta ahots eta hizkuntza teknologietan diharduenak, Gladys Sariaren helburuekin konpromiso irmoa erakutsi du bere ibilbide profesionalean. Bere lana funtsezkoa izan da gaur egunean euskararako erabiltzen diren itzultzaile neuronalen garapenean, eta genero-ikuspegia txertatu du egindako lanean.”

Epaimahaiak, Harritxuk teknologia alorrera berdintasuna ekartzeko eta euskararen presentzia digitala indartzeko egindako lana nabarmendu ditu: “Izan ere, azken urteetan ahalegin berezia egin du neska gazteentzat inspirazio-iturri izateko, komunikabideetan zein jardunaldi ezberdinetan dibulgazio lanetan. Horretaz gain, etorkizunerako proiekzioa ere azpimarratu da; alde batetik, hainbat proiektutan lidertza hartzen hasia dela eta bere lana aplikatua izanik gizartean inpaktu zuzena izango duela, eta bestetik, dibulgazioarekin erakutsitako inplikazioak bere lanaren zabalkundea zein gazteentzako erreferentzia izatea bermatzen dituela.”

PROFILA ETA IBILBIDEA

Harritxu Gete Ugarte Matematikan graduatua da (EHU), eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin ondoren (espediente onenaren saria lortuz), Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko doktorego-tesia defendatu zuen 2025ean Cum Laude aipamenarekin.

Bere ibilbide profesional osoa Vicomtech fundazioari lotuta egon da. Bertan praktiketan hasi, ikerlari laguntzaile moduan jarraitu eta, gaur egun, ikerlari gisa dihardu itzulpen automatikoaren zein hizkuntza-eredu handien (LLM) eremuan. Hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, tartean TANDO proiektuaren lider tekniko gisa.

EUSKARA ETA ADIMEN ARTIFIZIAL ARDURATSUA

Geteren lanaren ardatz nagusietako bat euskararen eta hizkuntza gutxituen garapen digitala sustatzea izan da. Eusko Jaurlaritzaren Itzuli eta Vicomtech-en Batua itzultzaile automatikoen garapen eta entrenamenduan parte hartu du; egunero 300.000 itzulpen-eskaera baino gehiago erantzuten dituzten tresna estrategikoak, hain zuzen ere.

Horrekin batera, teknologiaren erabilera etikoa eta inklusiboa landu ditu bere ikerketetan, itzulpen automatikoko genero-alborapenak aztertuz eta nazioarteko biltzar zientifiko zein aldizkari nagusietan dibulgatuz.

EMAKUMEEN PRESENTZIA ETA ZIENTZIAREKIKO KONPROMISOA

Epaimahaiak nabarmendu duenez, Getek gizarte-sentsibilizazioan eta genero-berdintasunean konpromiso luzea du. Inspira STEAM programako mentorea da, Emakumeak Zientzian ekimenean boluntario aritzen da eta hainbat hitzaldi zein mahai-ingurutan parte hartu du emakumeen eta neska gazteen artean erreferenteak sortzeko asmoz.

SARI BANAKETA ETA BIDEOPODCAST BERRIAREN AURKEZPENA

Aurtengo sari-banaketa ekitaldia irailaren 24an izango da, 18:00etan, Donostiako Alde Zaharrean kokatuta dagoen Santa Teresa komentuan. Aurtengo sari-banaketa ekitaldian nobedaderik ere izango da: bideopodcast berri bat aurkeztuko da, EITBk, Puntueusek, eta EHUko Informatika Fakultateak lankidetzan sustatutakoa. Saio berri honek emakumeek ingurune digitalean eta teknologiaren esparruan duten funtsezko papera erakutsiko du, protagonisten ahotsean. Protagonistak, teknologiaren alorreko profesional gisa bakarrik ez, pertsona interesgarri eta poliedriko gisa aurkeztuko ditu. 

GLADYS SARIARI BURUZ

PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko berdintasun-zuzendaritza. 

Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. Sari banaketa irailaren 24an izango da, arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Santa Teresa Komentuko ekitaldi-aretoan.