Gladys sariaren lehenengo edizioak irabazlea izendatu du
- Ane Iturzaeta Agirrek (Donostia, 1995) irabazi du Gladys sariaren lehenengo edizioa. Iratxe Esnaola, Paz Cendoya eta Elena Lazkano adituek osatutako epaimahiak Iturzaetaren ibilbidea eta haren proiekzioa saritu nahi izan ditu Gladys sariarekin.
- Diru sariaz gain, datozen 12 hilabeteetan Iturzaetak hezkuntza zentroetan hitzaldiak emango ditu STEM bokazioak sustatzeko, erreferenteak sortzen laguntzeko eta emakumeak ingurune digitalean egindako lana ikusarazteko
Donostia 2021/10/18. Ane Iturzaeta Agirre Donostiarrak irabazi du Gladys de Estal saria. Informatika Fakultateko Ada Lovelace aretoan jaso du saria Iratxe Esnaola, .eus domeinuaren sustatzaile eta gaur egun PuntuEUS Fundazioaren patronatuko idazkari, epaimahaikidearen eskutik. Paz Cendoyak, Gladys del Estalen ikaskide ohiak, eta Elena Lazkanok, EHUko Informatika Fakultateko irakasleak osatu dute adituen epamahia. Hirurek gailendu dute 26 urteko donostiarraren motibazioa, etorkizunera begirako proiekzioa, eginiko ibilbide profesionalaren aniztasuna eta gazteekin gauzatutako dibulgazioa. Ane Iturzaeta Agirrek saria jaso eta eskertza hitzak izan ditu:” Eskerrik asko Gladys saria antolatzeagatik, sinetsita nago gurean talentu handia dagoela eta ikusgarria izan behar du egiten dugun hori, plazer bat izango da STEM bokazioen sustapenean lan egitea munduak ikus dezan gazteek egin dezakegun guztia”.
PuntuEus Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Informatika Fakultateak elkarlanean sortu dute Gladys saria Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun sailaren laguntzarekin eta Danobatgroup enpresaren babesarekin. Leire Palaciosek, PuntuEUS Fundazioaren proiektu arduradunak, gailendu duenez: “Berebiziko garrantzia du erreferenteak sortzea, baina, erreferente horiek egiazkoak izan behar dute. Gladys sariaren lehen edizioak agerian utzi digu emakume talentudun ugari ditugula gurean, zorionez, eta lekua egin behar zaie, ikusgarriak izan behar dira egiazko erreferente horiek sortu ahal izateko”.
Gladys sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. UPV/EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak sustaturiko ekimena da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa eta Danobatgroupen laguntzarekin.
Irabazlearen profia
Ane Iturzaeta Agirre (Donostia, 1995)
Ibilbide akademikoari dagokionez, Informatikako Ingeniaritza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, 2013 eta 2018 urteen bitartean. Gaur egun Microsoft-en egiten du lan Data&AI taldeko Customer Engineer bezala. Gladys sariaren lehen edizioaren irabazlea da.
Aparteko ekintzei dagokionez, emakumeak zientzian sustatzeko proiektuetan parte hartu du: #MakeWhatsNext iniziatiba, Zientziari- So Proiektuko enbaxadorea (EHU/UPV) 2016-2017 ikasturtean, WONNOW Sariaren irabazleen mentorea (STEAM), Hacktoietan parte hartu du, baita klaseak eman irakasle gonbidatu bezala hainbat unibertsitateetako ikasketetan.
Etorkizunean Adimen Artifizialaren munduan gehiago sakontzen eta enpresei eta administrazio publikoei beren transformazio digitalean laguntzen ikusten du bere burua.