Kaixomundua.eus lehiaketaren IV. edizioaren irabazleak aurkeztu dituzte

- Beasain Ikastolako bi ikasgela, IES Elgoibar BHI ikastetxeko ‘korrikazlagundu’ taldea eta Urretxu-Zumarraga Ikastolako ‘Ezientzia’ taldea izan dira saridunak
- Webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak
- Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 36 ikastetxeetako 215 proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara, orain arteko webgune kopururik handiena
PUNTUEUS Fundazioak antolatzen duen Kaixomundua.eus lehiaketaren IV. edizioko irabazleak jakinarazi dituzte gaur Gamegunetik. Eskola-komunitateari begira sortutako proiektua da eta webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak.
Horretarako, ikasleek webgune erreal bat sortu dute lan motibatzaile baten bidez, eta kontsumitzaile digital izatetik, sortzaile digital izatera pasatu dira. Bestalde, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza indartzea ere bada lehiaketaren xedeetako bat.
“Guztira Euskal Herriko 36 ikastetxeetako 1.218 ikasle aurkeztu dira, 402 taldetan banatuta. Zenbaki hauek orain arteko ediziorik arrakastatsuena egin dute aurtengo deialdia” azaldu du Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak. Proiektuak hiru kategoria desberdinetan banatu dira: lehena, 1. eta 2. DBHko ikasturteko ikasleek osatu dute; bigarrena, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek; azken saria, berriz, batxilergoko ikasleentzat izan da.
Edizio honetan baina, berrikuntza bat izan dute, izan ere, DBHko bigarren zikloan bi irabazle izendatu dituzte. DBH lehenengo zikloko kategorian Beasain Ikastola gailendu da, hain zuzen ere, DBH 1. mailako ‘Kar-kar zirkoa’ taldeak lortu du saria karkarzirkoa.eus proiektuarekin.
DBH bigarren zikloko sariak IES Elgoibar BHI ikastetxera eta Beasain Ikastolara joan dira hurrenez hurren. Elgoibarko ‘Korrikazlagundu’ taldeak, korrikazlagundu.eus egitasmoa aurkeztu du, eta Beasaingo ‘Pentsatzen’ taldeak, pentsatzen.eus webgunea. Batxilergoko saria aldiz, Urretxu-Zumarraga Ikastolako ‘Ezientzia’ taldeak irabazi du ezientzia.eus proiektuarekin.
Sari banaketa Twitch plataformaren bidez emititu da eta gonbidatu guztiek online parte hartzeko aukera izan dute. Leire Martinezek gidatu du ekitaldia, eta, besteak beste, Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak, eta Olatz Perez de Viñasprek, Gladys Sariaren II. edizioaren irabazleak, parte hartu dute.