Txirrindularitza eta Internet elkartuta euskararen erabilera indartzeko
· Txirrindularitzan eta Interneten euskararen erabilera indartzeko lankidetza abiatu dute PuntuEUS Fundazioak, Euskal Herriko Itzuliak, Emakumeen Birak eta Tropela Elkarteak.
· Beñat Intxausti eta Leire Olaberria dira .EUS domeinua zabaltzeko kanpainaren protagonistak
· Euskal Herriko Itzuliaren eta Emakumeen Biraren webgune berriek .EUS domeinua erabiliko dute
· Itzuliko eta Birako lehen euskaldunek haien .EUS domeinu-izena eskuratuko dute.
Txirrindularitzan eta Interneten euskararen erabilera indartzeko lankidetza abiatu dute PuntuEUS Fundazioak, Euskal Herriko Itzuliak, Emakumeen Birak eta Tropela Elkarteak. Lankidetza honen baitan txirrindularitza, Internet eta euskara uztartuz gauzatuko diren ekimenak aurkeztu dituzte gaur Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak; Jose Luis Arrieta, Euskal Herriko Itzuliaren presidenteak; Agustin Ruiz Larringan, Emakumeen Birako antolatzaileak eta Egoitz Lizaso, Tropela Elkarteko arduradunak.
Arrietak eta Larringanek webgune berriak aurkeztu dituzte. Euskal Herriko Itzuliaren eta Emakumeen Biraren webgune berriak .EUS domeinua erabiliko dute eta eduki guztia euskaraz ere kontsultatu ahal izango da www.itzulia.eus eta www.emakumeenbira.eus helbideetan.
Webgune hauen garapen eta kudeaketaz Tropela Elkartea arduratzen da. Teknologia berrietan euskaraz bete beharreko gabeziak indartzeko sortu zen Tropela eta hautatutako esparrua txirrindularitza izan zen euskal gizartean dagoen zaletasunagatik. 2005etik da Tropela sarean eta oinarri txirrindularitza profesionaleko lasterketen inguruko lehiaketak ditu, bai gizonezkoenak baita emakumezkoenak ere, www.tropela.eus webgunean hain zuzen ere.
Euskal Herriko Itzulia eta Emakumeen Bira, nazioarteko goi mailako kirol probak izanda erreferente dira mundu osoko zaleentzat eta zale askok internet bidez jarraitzen dituzte probak. Hori horrela, kirol ekitaldi hauek sarean dituzten kanaletan euskara indartzeko konpromisoa hartu dute proba hauen antolatzaileek, PuntuEUS Fundazioa eta Tropela Elkartearen lankidetzarekin.
.EUS domeinua zabaltzeko kanpaina
PuntuEUS Fundazioak bere aldetik Euskal Herriko Itzuliarekin eta Emakumeen Birarekin bat eginez, apirilaren 1etik 17ra bitartean iraungo duen zabalkunde kanpaina aurkeztu du. Josu Waliñok, PuntuEUS Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, “alde batetik, Itzulia eta bira, eta txirrindularitza badira euskal komunitatea elkartzeko gaitasuna duten ekitaldiak, berdin du nondik pasatzen diren, jendearenak dira. Bestetik, gure txirrindulariak tropelean garrantzitsuak dira, munduko onenekin lehiatzen dira, haien nortasuna mantenduta eta munduko zalerik onenen babesarekin. .EUS ere hori da: euskara eta euskal kultura Interneten munduko domeinu handien mailan kokatzen du, munduko komunitaterik onenaren babesarekin”.
Kanpainaren protagonistak Beñat Intxausti eta Leire Olaberria, txirrindulari profesionalak dira eta txirrindularitza zaleei dei egiten diete: “eskuratu .eus domeinu-izena eta tropeletik EUSberdindu zaitez!” . Horregatik, Itzulia eta Birarekin bat eginez, apirilaren 1etik 17ra bitartean 15 euroan eskuratu ahal izango da domeinu-izena.
Azkenik , PuntuEUS Fundazioak bere domeinu-izena oparituko die Itzuliko eta Birako lehen euskaldunei, webgune pertsonalak sor ditzaten.