PUNTUEUS BEHATOKIA
PUNTUEUS BEHATOKIAK INTERNETEN EUSKARAK DUEN EGOERA AZTERTZEA DU HELBURU, BAITA .EUS DOMEINUAREN EGOERA ETA BILAKAERA AZTERTZEA ERE. AZTERKETA HONI ESKER EUSKARA INGURUNE DIGITALEAN INDARTZEKO BEHAR DIREN ESTRATEGIA ETA POLITIKAK SUSTATZEKO BEHARREZKO DEN OINARRIA EZARTZEN DA.
EUSKARA EUSKAL INTERNETEN 2025
PUNTUEUS Behatokiaren 2025eko azterketak euskal interneten inoizko argazkirik zehatzena eman du. Izan ere, Bright Data-k bultzatutako The Bright Initiative-rekin abiatutako lankidetzari esker neurketa-metodologia hobetu da; haien teknologia txertatzeak orain arte detektatu ezin ziren milaka webgune aztertzea ahalbidetu du, eta horrek datu are eta errealagoa azaleratu du: Euskal Herriko webgune aktiboen % 20k du edukiren bat euskaraz. Orain arte, uste genuen, % 15 zirela euskaradun webguneak, baina gehiago direla jakiteko gai izan gara. Deskribatutako igoera hori ezkutuan zeuden edukien ikusgarritasun teknikoari dagokio.
Euskararen presentzia digitalean joera positibo nagusia erabiltzaileen ohituretan dago (% 0,6ko igoera), datua apala izan arren nabigatzailea euskaraz konfiguratuta dutenen kopuruak gora egiten jarraitzen baitu. Nabigatzaileen hizkuntza-ezarpena funtsezko seinale digitala da, edukien eskaintzan zuzeneko eragina duena eta euskal komunitatearen kontzientzia digitala islatzen duena.
Beste behin, emaitzek erakusten dute domeinu baten edo beste baten aldeko hautuak eragina duelka hizkuntzaren erabileran. Horrela, .EUS domeinua da euskararen arnasgune nagusia, webguneen % 74k darabailte euskara. Aldiz, .COM edo .ES bezalako domeinu generikoetan euskararen erabilera askoz apalagoa da, % 15,3 eta % 9,8 hurrenez hurren. Hala, bistakoa da .EUS domeinuak euskararen bizitasun digitala bermatzeko duen garrantzia.
.EUS DOMEINUAREN EBOLUZIOA 2025
.EUS domeinuak hazkunde bide sendoari eutsi dio 2025ean eta 16.393 domeinu-izen metatu ditu. Hazkunde tasa hau (% 4,6) mundu mailako gTLD nagusien batez bestekoa (% 1,2) baino ia lau aldiz handiagoa da, eta euskal identitate digitalak duen indarra eta dinamismoa berresten ditu. Gainera, erabiltzaile bereziki fidelak ditu .EUS-ek eta nabarmen gainditzen ditu merkatuko joerak, komunitate oso egonkorra dela erakutsiz: .EUS domeinuen kasuan 10etik ia 9k berritzen dute urtero; beste TLD edo domeinu generikoetan, aldiz, 10etik 7 inguruk soilik berritzen dute domeinua.
Domeinuaren erabilera gizarteko esparru guztietara zabaldu da. Banaketa tipologikoari begiratuta, enpresak dira nagusi, baina elkarteek, erakunde publikoek eta hezkuntza zein euskara arloko proiektuek ere pisu garrantzitsua dute.
Geografikoki ere, .EUSek Euskal Herri osoa egituratzen du. Gipuzkoak (% 40,3) eta Bizkaiak (% 32,3) pisu handiagoa izan arren, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko presentzia aintzat hartzekoa da.
Babesleak