Arabadendak eta PUNTUEUSek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute
Josu Waliño PUNTUEUSen zuzendari nagusiak eta Victor Manuel Ibañez Arabadendaken lehendakariak lankidetza hitzarmena sinatu dute Gasteizen. Akordioaren helburua euskal gizartearen transformazio digitalean eragitea da, eta, horretarako, saltokien digitalizazioa euskaratik sustatzeko ekimenak bideratuko dituzte.
Hitzarmen honen bidez PUNTUEUSek .EUS domeinuen doako erregistrorako deskontu-kodeak jarriko ditu Arabadendaken eskura, Arabadendaken bazkide diren saltokiek .EUS domeinuaren bidez haien proiektu digitalak gara ditzaten. Domeinuaz gain, lehen urtean zerbitzaria doan izateko aukera ere eskainiko zaie hala nahi duten saltokiei.
Arabadendakek .EUS domeinuaren erabilera sustatuko du bere bazkideen eta Arabako merkatarien artean, bereziki webgunea duten edo eduki nahi duten saltokien artean. Eta webgune horietan euskarazko edukia argitaratzea sustatuko du.
Euskara eta digitalizazioa bultzatzen duen hitzarmen honen bidez, bi erakundeek Arabako saltokien digitalizazio-maila neurtzeko eta merkataritza digitalean euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu dute, merkataritzaren eraldaketa digitala euskaratik sustatuz.