Aro berria hasi du PuntuEUS Fundazioak

·      Iñaki Goirizelaia izango da PuntuEUS Fundazioaren lehendakari berria, Joan Mari Torrealdairen lekukoa hartuta

·      2020 Plan Estrategikoan jaso denez, .EUS domeinuaren bidez, euskara, ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da PuntuEUS Fundazioaren xedea

·      Domeinuak izan duen hazkundeari esker, prezioa jeistea lortu da: 50 eurotik 30era

10 urte bete dira PuntuEUS domeinua sortzeko asmoa abiatu zenetik. 10 urte hauetako lorpenik handiena .EUS domeinuaren onarpena bera izan zen, 2013an. 2016a ere garrantzitsua izan da: domeinua egonkortu eta bideragarri egitea lortuta, 2020. urtera bitarteko erronkak identifikatu dira.

Testuinguru horretan, eta aro berriari begira, patronatua berritu du PuntuEUSek. Horrela, erakunde hauek dira PuntuEUS Fundazioaren patronatua osatzen dutenak: Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EHU, EITB eta PuntuEUS Elkartea.

Patronatu berriaren lehen egitekoa lehendakari berria hautatzea izan da eta aurrerantzean Iñaki Goirizelaia izango da PuntuEUS Fundazioaren lehendakaria EHUren izenean. Orain arte, Euskaltzaindiak izan du beti PuntuEUSen lehendakaritza, Andoni Sagarnak lehendabizi eta Joan Mari Torrealdaik ondoren.

Iñaki Goirizelaiak PuntuEUS 2020 Plan Estrategikoa aurkeztu du, zeinetan datozen urteetarako xede eta erronka estrategikoak ezarri diren. Xedea, .EUS domeinuaren bidez, euskara, ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da. Xede honen garapenaren bidez PuntuEUS Fundazioak Ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izatea lortu nahi du.

Hau errealitate bihurtzeko lau erronka estrategiko identifikatu dira:

·       INGURUNE DIGITALA: Ingurune digitalean euskararen erabilera indartzea

·       DOMEINUA: .EUS izatea Euskal Herriko 3. domeinua

·       KOMUNITATEA: Komunitate zabalagoa, handiagoa eta biziagoa lortu

·       MARKA: .EUS izatea euskal Ingurune Digitaleko lehenengo erreferentzia

Prezio jaitsiera

PuntuEUS domeinua merkaturatu zenetik, 2014ko abenduan, 6.300 domeinu-izenetik gora eregistratu dira. Josu Waliñok, PuntuEUSen zuzendariak azaldu duenez, “.EUS domeinuaren hazkundea euskal komunitatearen inplikazio eta bultzadari zor diogu. Domeinuaren jaiotzatik komunitate handia izan dugu babesle eta sustatzaile, eta sostengu horri esker orain domeinuaren prezioa jaisteko moduan gaude”.

PuntuEUS Fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa Interneteko domeinuen salmentan oinarritzen da, eta ondorioz, domeinu kopuru altua izatea ezinbestekoa da .EUS domeinuaren prezioa jaitsi ahal izateko. “Domeinua publikora zabaldu zenean 50 euro izan zen oinarrizko prezioa eta hala mantendu da azken bi urteotan. Askotan eskatu digute prezio hori jaistea, .com, .net eta gainerakoek dutenaren antzeko prezioa ezarriz, baina orain arte ezinezkoa izan da, hori egiteko erregistratutako domeinu kopuruak handiagoa behar zelako”.

Orain ordea, komunitatearen laguntzari esker 6.000 domeinuen langa gainditu da; horri esker, prezioa merketu da erabiltzaile guztientzat, erregistro berrientzat eta lehendik .EUS domeinu-izena zutenentzat.

Gaurtik aurrera, honakoa izango da .EUS domeinuaren oinarrizko prezio berria:

Erregistroa: 29€
Berritzea: 35 €

Waliñok azaldu duenez kontuan izan behar da “.EUS domeinuaren azken prezioa ez duela Fundazioak ezartzen. Domeinu-izenen salmenta zuzena Interneteko erregistratzaileek egiten dute, eta haiek ezartzen dute erabiltzaileek ordaindu beharreko prezioa”.

Erabiltzaileei aurkeraketan laguntzeko erregistratzaile nagusiek eskaintzen dituzten prezio eta zerbitzuak aurkezten dituen prezio-taula publikoa da eta.