Domeinuen sektoreko topaketa Donostian
Urriaren 18an, .EUS, .CAT, .GAL, .BARCELONA eta .MADRID domeinuen arduradunak deituta, domeinuen arloko erregistratzaileak elkartu ziren Donostian sektorearen egoeraz hausnartu, erronkak identifikatu eta lan-ildoak adosteko. Bilera Gipuzkoako Foru Aldundian Etorkizuna Eraikiz gunean ospatu zen eta Manahmanak gidatu zuen.
Bertan, domeinu bakoitzak bere helburuak, datuak eta etorkizunera begira dituen nahiak azaldu zituen modu labur eta dinamikoan. Domeinuen sustapena, erregistratzaileekin egin beharreko elkarlana eta domeinuen arteko lankidetza izan ziren gai nagusiak jarraian erregistratzaileekin sortu ziren elkarrizketetan.
Elkarrizketa sakonek konfiantza giroa sortu zuten, eta amaitzeko, dinamizatzailearen laguntzaz, bilera osoaren laburpena jaso eta erregistratzaile eta domeinu bakoitzak elkarrengandik espero dutena adierazi zuten, etorkizunera begira lortu nahi diren helburuak oinarritzat hartuta.