‘Elgoibartik Mundura’ proiektuaren baitan ikasleek sortutako herriko elkarteen webgune berriak aurkeztu dituzte

Elgoibarko ikasleek webguneak sortu dituzte herriko elkarteen jarduerak eta zerbitzuak digitalizatzeko eta ingurune digitalean euskararen erabilera bultzatzeko, .eus domeinuaren ikusgarritasuna areagotzearekin batera. Bestalde, webguneak sortzen ikasiz, ikasleek STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) bokazioak eskuratu dituzte.

Ingurune digitalean euskararen erabilera sustatzeko ahalegin bateratuan, PUNTUEUSek, Elgoibarko Udalarekin eta Elgoibarko Izarrarekin elkarlanean, ‘Elgoibartik Mundura’ proiektu berritzailea abiarazi zuen 2024 urtearen hasieran. Proiektu honen helburu nagusia Elgoibarko elkarteen digitalizazioa sustatzea eta .eus domeinuaren erabilera bultzatzea izan dira, eta jada agerikoak dira lehen emaitzak. Gaur, ekainak 11a, Aita Agirre Kulturgunean egindako ekitaldian aurkeztu dituzte ikasleek sortutako herriko elkarteen webgune berriak. Lorea Argarate zientzialari, dibulgatzaile eta sortzaileak dinamizatu du ekitaldia eta ikasleek parte hartu dute, webguneen elkarte onuradunekin batera. Bertan izan dira ere Lorea Arakistain PUNTUEUSeko komunikazio arduraduna, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea eta Amaia Sastre Elgoibarko Izarrako lehendakaria. 

Lorea Arakistainek ´Elgoibartik Mundura´ proiektuarekin salto kualitatiboa eman dela nabarmendu du: ” ‘Elgoibartik Mundura’ 2019an, PUNTUEUSek sortutako ‘Kaixo Mundua‘ metodologian oinarritzen da, eta ekimen berri honekin, haratago joan gara, izan ere, ikasleak erronka handi baten aurrean jarri ditugu, behar erreal bati soluzio erreal bat eman behar izan diote eta era berean, ekarpen handia egin diote herriari, transformazio digitala eta herrigintza sustatuz.” 

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak bere harrotasuna eta esker ona adierazi ditu proiektuaren arrakastagatik. “Proiektu honek elkarteen eta elgoibartarren benetako espiritua islatzen du. Gure gazteen dedikazioari eta elkarteen babesari esker, digitalizazio inklusiborako eta euskararen sustapenerako urrats garrantzitsua eman dugu gure udalerrian eta elkarte-sarean”.

Amaia Sastrek, Elgoibarko Izarrako lehendakariak proiektu honek euskarari egin dion ekarpena azpimarratu du: “ ´Elgoibartik Mundura´ ekimenari esker, euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzea lortu da. Emaitza begiratzea besterik ez dago: Elgoibarko bederatzi elkarte gehiagok euskarazko webguneak dituzte orain”. Herriko eragileen arteko elkarlana ere goraipatu du Amaiak. 

´Elgoibartik Mundura´ ekimenaren sustatzaileen solasaldiaren ostean, proiektuan parte hartu duten elkarteak aurkeztu dira, webgunea sortu duten ikastetxearekin batera:

Hurrengo urratsak

Datorren astean, ikastetxeekin batera, ekimenaren balorazioa egingo da herriko elkarte gehiagorekin bigarren edizio bat egitea bideragarria den aztertzeko. Bestalde, elkarteen balorazioa ere kontuan hartuko da ´Elgoibartik Mundura´ ekimenaren ikuspegi orokorra jasotzeko.