.eus domeinuak 10. urteurreneko festa ospatu du

Iñaki Goirizelaiak, PUNTUEUS Fundazioko lehendakariak, bere  agurra iragarri du eta omenaldi beroa jaso du.

.EUS domeinuaren 10. urteurrena ospatu da Gure Zirkuan, Tolosan, euskal  komunitatearen amets kolektiboa eta ingurune digitaleko arrakasta  ospatzeko. Urteurren ekitaldian 350 lagun bildu dira, Interneteko  erreferentziazko proiektu honen lorpenak elkarrekin aldarrikatzeko. 

Sarrerak aspaldi agortu zituen ospakizunak askotariko jendea bildu du:  erakundeetako ordezkariak, industria digitaleko profesionalak,  euskalgintzako eragileak eta domeinuaren erabiltzaileak elkartu dira. Ekitaldia  hasi aurretik, argazki instituzionala egin da eta bertan izan dira: Iñaki  Goirizelaia, PUNTUEUS Fundazioko lehendakaria; Andu Martinez de Rituerto,  Tolosako alkatea; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza  Berdintasuneko foro zuzendaria; Miren Josune Irabien, Eusko Jaurlaritzako  Euskara Sustatzeko zuzendaria; Sabino San Vicente, Eusko Jaurlaritzako  Administrazioa Berritzeko zuzendaria; Iñigo Robredo, Eusko Jaurlaritzako  Estrategia Digitaleko zuzendaria; Elixabete Garcia, Eusko Jaurlaritzako  Eraldaketa Digitaleko zuzendaria; eta Nerea Isasi, Gipuzkoako Foru Aldundiko  Berdintasun zuzendaria.  

Arratsaldeko unerik hunkigarriena, Iñaki Goirizelaia, PUNTUEUS Fundazioaren  lehendakariak, egindako hitzartzea izan da. Goirizelaiak bere 8 urteko  agintaldiaren amaiera iragarri du, eta azken 10 urteko ibilbidea  errepasatzearekin batera .EUS domeinuak ingurune digitalean izan duen  arrakasta azpimarratu du:

“Gaur pozik eta etorkizunera begira ilusioz beteta agertzen gara zuen  aurrean. Lehen .EUS domeinuak erabiltzen hasi ginenetik hamar urte pasa dira  jadanik eta proiektua egonkortu dela esan dezakegu beldur barik. 2007an  eduki genuen ametsa egia bihurtu da. Gaur egun, .EUS fidagarria da, segurua,  egonkorra eta erabiltzaileen hurbil dago beti. Euskal herritarron konfiantza  lortu dugu. 

Baina gure ametsa egia bihurtzeak erakunde, enpresa eta pertsona askoren  ametsei bide berria eman die Interneten. Gaur egun 15.700 amets kudeatzen  ari gara, .EUS domeinu bakoitzaren atzean amets bat dagoelako, amets  pertsonala, enpresariala, kulturala… Hau da, Interneteko plazan herri baten  ametsa ahalbidetzen ari gara.” 

Lehendakaritza utzi aurretik, Goirizelaiari omenaldi hunkigarria egin zaio.  Eskertza-keinu gisa, Sua Enparantza dantzariak txapela jantzi dio, euskal  kulturaren ikur gisa, eta Iratxe Esnaolak lore-sorta eman dio, bere lana eta  ekarpena aitortzeko. 

Bertaratutakoek arratsalde ederra pasa dute. Izan ere, Gure Zirkuaren  ikuskizun berezia gozatu dute bertaratutako 350 lagunek, euskal kulturaren  eta ingurune digitalaren arteko elkarlana sinbolizatuz. 

PUNTUEUSi buruz 

.EUS domeinua, 2014an sortua, euskal komunitatearen identitatea eta  hizkuntza Interneten adierazten duen domeinua da. Ingurune digital  ziberseguru eta euskaldun baten hautua egiten dutenen domeinua izanik,  euskal kultura eta hizkuntzaren sustapenean erreferentzia bilakatu da. 

Une honetan, .EUS domeinuak 15.700 erregistratutako domeinu baino gehiago  kudeatzen ditu, eta horietako bakoitzaren atzean euskal komunitatearen  nortasuna, ametsak eta proiektuak islatzen dira. Domeinu honek erabiltzaileei  ingurune digital fidagarri, segurua eta hurbila eskaintzen die, eta, horri esker,  teknologia eta kultura uztartuz, etorkizunera begirako aukera berriak zabaltzen dizkie erakundeei, enpresei eta pertsona guztiei. Herri baten amets kolektiboa egia bihurtzen jarraitzen duen proiektu bat da. 

Proiektu hau PUNTUEUS Fundazioak kudeatzen du, eta bera da .EUS  domeinuaren administrazioaren eta kudeaketaren ardura duen erakundea.  Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua den heinean, Fundazioak euskal  komunitatearen identitatea eta hizkuntza babestu eta sustatzeko lan egiten  du, ingurune digital seguru eta euskaldun baten alde eginez.