.EUSen, zure datuak guztiz pribatuak dira
Pribatutasunak arduratzen gaitu, batez ere zure pribatutasunak, eta haren gaineko ardura gure gain hartzen dugu. Izan ere, uste dugu domeinu-erregistro guztiok zure segurtasuna zaindu behar dugula.
Aspalditik, sortu ginenetik, ari gara zure datuetarako sarbidea blokeatzeko modua bilatzen. Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (DBEO) indarrean sartu den honetan, eta legearen babesarekin, .EUS domeinua erregistratzeko eman dituzun datu guztiak dagoeneko pribatuak dira. Izan ere, PuntuEUS Fundazioak zure datuetarako sarbidea itxi egin du.
Zer aldatu da?
Orain arte, ICANN erakundeak domeinu-erregistro guztiak behartzen gintuen, .EUS ere barne, domeinu-erregistratzaileen datu pertsonalak argitaratzera; hau da, zure datuak argitaratzeko obligazioa genuen eta publikoak ziren. Hori horrela, edonork kontsultatu zitzakeen domeinu jabeen datuak whois zerbitzuen bitartez. PuntuEUS Fundazioa ez zetorren bat erabaki horrekin, eta datuak babestu egin behar zirela aldarrikatzen zuen.
Maiatzaren 25ean indarrean sartu den Europarako DBEOri esker, salbuespen hau sortu du ICANNek:
– Europako erregistrook (europarrok bakarrik) itxi egin dezakegu domeinu-titularren informazio pertsonalerako sarbidea. Europatik kanpoko domeinuek, aldiz (.COM-ek, adibidez), titularren informazio pertsonal guztia argitaratzen jarraituko dute.
PuntuEUS Fundazioak dagoeneko blokeatu ditu .EUS domeinu guztien datu pertsonalak. Informazioa egiaztatzeko, begiratu zure domeinu-izena whois.eus -en.
Harro gaude erregistro arduratsua izateaz, zure segurtasuna zaintzeaz, eta zeuk ere jakin dezazun nahi dugu.