Kaixomundua.eus lehiaketak aurtengo  irabazleak aurkeztu ditu

  • Beasain Ikastolako bi webgune, IES Lekaroz BHIko errekakirolelkartea.eus webgunea eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko kaonbi.eus webgunea izan dira saridunak.
  • Webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak.
  • Euskal Herriko 54 ikastetxek parte hartu dute guztira, orain arteko kopururik handiena.

PUNTUEUSek antolatzen duen Kaixomundua.eus lehiaketaren bosgarren edizioko irabazleak jakinarazi dituzte gaur Bilboko EITBren egoitzatik. Eskola-komunitateari begira sortutako proiektua da eta webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu lehiaketak.

“Guztira Euskal Herriko 54 ikastetxeetako 1.334 ikasle aurkeztu dira, 479 taldeetan banatuta. Zenbaki hauek orain arteko ediziorik arrakastatsuena egin dute aurtengo deialdia” azaldu du Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak. Proiektuak lau kategoria desberdinetan banatu dira: lehena, 1. eta 2. DBHko ikasturteko ikasleek osatu dute; bigarrena, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek; hirugarren saria batxilergoko ikasleentzat izan da eta azkena, lanbide-heziketako ikasleek jaso dute. 

DBH lehenengo zikloko kategorian Beasain Ikastola gailendu da, hain zuzen ere, DBH 2. mailako ikasleek eskuratu dute saria Josu Waliñoren eskutik. psikologikoki.eus webgunea garatu dute osasun mentalaren inguruan informatzeko xedearekin. 

DBH bigarren zikloko saria ere Beasain Ikastolako ikasleek bereganatu dute. digema.eus webgunea sortu dute, emakumeek digitalizazioan izan duten eta izaten jarraitzen duten eragina aztertu eta ezagutarazteko helburuarekin. Vanesa Fernandez, EITB MEDIAko Kultura eta Euskara zuzendariaren eskutik jaso dute saria. 

Batxilergoko saria aldiz, IES Lekaroz BHIko ikasleek lortu dute. Azken hauek Doneztebeko Erreka Kirol Elkartearen webgunea garatu dute. Edizio honetan, gainera, batxilergoko kategorian, irabazlea hautatzeaz gain, epaimahaiaren aipamen bereziaren saria jaso du zukutu.eus webguneak. “Webgune oso dinamikoa eta erakargarria garatu dute Ikasbidea Ikastolako ikasleek” azaldu du Nagore Ruiz de Escuderok, Kaixomundua.eus lehiaketako epaimahaikideak, ikasleei saria ematearekin batera. 

Lanbide-heziketako kategorian, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko kaonbi.eus webguneak eskuratu du saria Amaia Abanda, Gladys Sariaren irabazlearen eskutik.

Ikasturtean zehar ikasleek webgune erreal bat sortu dute, eta kontsumitzaile digital izatetik, sortzaile digital izatera pasatu dira. Bestalde, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza indartzea ere bada proiektuaren xedeetako bat.

Sari banaketa eitb.eus webgunean eta EITBren YouTube-ko kanalean emititu da eta gonbidatu guztiek online ikusteko aukera izan dute. 

Leire Martinezek gidatu du ekitaldia, eta, besteak beste, Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak, Amaia Abandak, Gladys Sariaren hirugarren edizioaren irabazleak, Nagore Ruiz de Escuderok, Kaixomundua.eus lehiaketako epaimahaikideak eta Vanesa Fernandezek, EITB MEDIAko Kultura eta Euskara zuzendariak, parte hartu dute.