Nire webgunearen domeinu-izena aldatu nahi dut, zer egin behar dut?

Zure webgunea .EUS domeinura pasa nahi baduzu lehen urratsa erabili nahi duzun domeinu-izena erregistratzea da. Erregistroa egiteko laguntzarik behar baduzu Zer egin behar dut domeinu-izen bat erregistratzeko? artikuluan jarraitu beharreko urratsak azaltzen dira.

Domeinu-izena erregistratuta daukazunean, domeinuaren aldaketa egin ahalko duzu. Webgunea garatzeko erabilitako tresnaren arabera, jarraitu beharreko urratsak ezberdinak dira. Gidak atalean maiz erabiltzen diren zenbait tresnatan (WordPress, Wix, Jimdo…) jarraitu beharreko urratsak laburtzen dira.

Zure webgunea beste tresna bat erabilita garatu baduzu, bi aukera daude: zerbitzaririk ez edukitzea (webgunea garatzeko erabilitako tresnak ematen dizulako) edo webgunea zure zerbitzari batean kokatuta egotea. Lehenengo kasuan webgunea garatzeko erabili duzun tresnak bere kudeaketa panelean aukera bat edukiko du webgunearen domeinua aldatu ahal izateko (kasu batzuetan gehigarri bat ordaindu behar izaten da).

Bestetik, webgunea zuk kudeatutako zerbitzari batean badago, aldaketa egiteko modurik egokiena zerbitzarian domeinu-izen berriarentzako web espazio bat sortzea da, bertara webgunearen fitxategiak eta datu-basea kopiatzeko. Kopia egin ostean domeinu-izen zaharrera dauden esteka guztiak domeinu-izen berrira eguneratu. Kopiatutako webgunea domeinu-izen berriarekin funtzionatzeko prest dagoenean webgune zaharra webgune berrira berbideratu. Horrela, webgune zaharrera doazen bisitariak webgune berrira joango dira, eta domeinu-izen aldaketa bukatutzat eman daiteke.

Domeinu aldaketari buruzko informazio sakonagoa nahi baduzu, webguneko migrazioa atalean topatuko duzu.

Azkenik, domeinu aldaketa egiteko laguntzarik behar baduzu, jarri gurekin harremanetan eta lagunduko zaitugu.