Nola jar dezaket .EUS domeinu-izena nire WordPress.com webgunean?

WordPress.com erabilita webgune bat sortzen duzunean, ordainpeko plan bat kontratatu ezean zure webgunearen helbidea webgunearenizena.wordpress.com gisakoa izango da. Helbide mota hori idazteko luzea denez, zure webgunearen bisitariei lana errazteko webguneari zuk erregistratutako .EUS domeinu-izen bat lotu ahal diozu. Horrela, zuredomeinua.eus idaztearekin nahikoa da webgunea bisitatu ahal izateko.

Hori egiteko lehen urratsa domeinu-izenaren izen-zerbitzariak aldatzea da. Aldaketa hori domeinu-izena erregistratu duzun erregistratzailearen kudeaketa paneleko DNS atalean egin ahalko duzu edo, bestela, zure erregistratzaileari idatzi zure domeinu-izenaren izen-zerbitzariak (gaztelaniaz, servidores de nombre) aldatu nahi dituzula esanez. Bi kasuetan, hauek dira ezarri beharreko izen-zerbitzariak:

ns1.wordpress.com

ns2.wordpress.com

ns3.wordpress.com

Aldaketa egin ondoren, izen-zerbitzari berriak martxan egon arte itxaron beharko duzu. Gehienez ere, 24 orduko epean martxan egongo dira.

Izen-zerbitzarien aldaketa bukatzean, .EUS domeinu-izena gehi dezakezu. Domeinu-izena gehitzeko beharrezkoa da WordPress.com-ek eskaintzen duen ordainpeko plan bat kontratatuta edukitzea. Plan horietako edozeinekin domeinu-izen bat gehitu ahalko diozu webguneari. Dagoeneko webguneari domeinu-izen bat lotu badiozu, eta beste bat gehitu nahi badiozu, urtean 13 € gehiago ordainduta egin ahalko duzu.

Bi kasuetan, webgunearen kudeaketa panelean Nire gunea atala sakatu eta bertan Domains azpiataleko Gehitu aukera sakatu.

Agertuko zaizkizun aukeretatik Already own a domain? aukera sakatu.

Ordainpeko plana kontratatuta baduzu gehitu nahi duzun domeinu-izena idazteko eskatuko dizu.

Horrekin zuredomeinua.eus atzitzen duzunean zure WordPress.com-eko webgunea ikusiko duzu. Nire gunea ataleko Domains azpiatalera joan eta ziurtatu gehitu berri duzun domeinu-izenaren ondoan Primary domain agertzen dela. Agertzen ez bada, domeinu-izenaren gainean sakatu eta Make primary aukera hautatu.