NI.EUS POSTA-ZERBITZU EUSKALDUNABULEGO BIRTUAL BILAKATU DA

-Nextcloud teknologia ardatz hartuta, bertsio berriak bideo-deiak, ofimatikatresnak eta hodeiko biltegiratzea txertatu ditu.
-Puntueus eta iametzaren ekimenak ingurune digital euskaldun eta burujabea
sendotzeko asmoa du.
Ni.EUS posta-zerbitzuak jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman berri du. Posta zerbitzua izatetik, komunikazio pertsonalerako eta profesionalerako tresna multzo oso izatera igaro da. PuntuEUS-en eta Iametzaren lankidetzaren fruitua den proiektuak Azkue Fundazioaren babesa jaso du eta aitzindaria da euskal ekosistema digtalean; mugarri garrantzitsua da euskararen normalizazioan eta burujabetza digitalean.
FUNTZIONALITATE BERRIAK
Bertsio berritua Nextcloud software libreko hodei-plataforman oinarritzen da. Integrazio horri esker, posta-elektronikoa egungo lan-beharretara egokitu da, “bulego birtual” baten funtzionalitateak bereganatuz: Orain arte, NI.EUS-ek, egutegia eta kontaktuen agenda eskaintzen zituen. Funtzionalitate berrien artean, artxiboen kudeaketa (dokumentuak biltegiratzea, editatzea eta partekatzea), online ofimatikako aplikazioak, formularioak eta jakinarazpen sistemak daude, besteak beste. Era berean, lehen aldiz, denbora errealeko komunikazio-funtzionalitateak integratu dira, hala nola txata eta bideo-dei pribatuak, erabiltzaileen, kolektiboen eta erakundeen arteko lankidetza-aukerak zabalduz.
Hobekuntza horien helburua erakunde, elkarte eta kolektibo txikiei tresna digital kolaboratiboetarako sarbidea erraztea da. Software librea erabiliz, ni.eus-ek bermatzen du erabiltzaileen informazioa ez dela merkataritza-helburuekin erabiliko, eta subiranotasun teknologikoaren bidean urrats sendoa ematen du.
ERABILTZAILE ETA BEHAR EZBERDINETARAKO PLANAK
Berritzeak, kontu-modalitate berriak ere ekarri ditu. Zerbitzua doan erabiltzen jarraitzeko aukera mantentzen da. Horri, plan aurreratuak gehitu zaizkio funtzionaltasun gehigarriekin eta domeinu propioa erabiltzeko aukerarekin. Gainera, taldeentzako hirugarren modalitate bat gehitu da erakunde txiki, familia edo komunitateentzako pentsatuta, txata eta bideo-dei tresnak barne hartzen dituena.
Interesa duen orok bere kontua sortu dezake ni.eus webgunean.