PUNTUEUS eta UNED Bergara Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Lankidetza-hitzarmena sinatu dute PUNTUEUS Fundazioak eta UNED Bergara Fundazioak, UNED Bergarako ikasle eta irakasleen konpetentzia digitalak garatzen lagundu eta digitalizazio prozesua bultzatzeko asmoarekin, beti ere euskara abiapuntu hartuta.

Hitzarmenari esker, UNED-Bergarako ikasle guztiek hiru .EUS domeinu doan erregistratu ahalko dituzte ikasle diren bitartean, eta, nahi izanez gero, webgune propioa garatzeko zerbitzari bat ere doan eskuratu dezakete lehenengo urtean hurrengo estekan.

Tresna horiei esker, ikasleek bere domeinua garatzeko beharrezkoa duten azpiegitura ere doan izango dute, aurrera eraman nahi dituzten proiektu pertsonal zein profesionalak gauzatzeko. Horrez gain, irakasle, langile eta ikasle ohiek ere %25eko beherapena izango dute .EUS domeinuetan.

UNED Bergarak berriz, bertako ikasle, ikasle ohi, langile eta irakasle tutore guztiei lankidetzaren berri eman eta honetan parte-hartzen animatuko ditu. Fundazioarekin sinatzen duten lehenengo hitzarmena bada ere, PUNTUEUS Fundazioak 2017an sinatu zuen antzeko akordio bat Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitarearekin. 

Arrakasta handia izan zuten batak zein besteak, eta horri esker dagoeneko milaka dira unibertsitate horietan digitalizatu diren ikasleak. “Gure asmoa hitzarmen hau gainerako euskal unibertsitateetara zabaltzea da, eta hasi gara helburu hori lortzeko lehen pausuak ematen” azaldu du Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak.