PUNTUEUSek ‘World More Than A Password Day’ ekimenarekin bat egin du

- Nonprofit Cyber aliantzak bultzatutako ‘Pasahitz bat baino gehiagoren nazioarteko eguna’ ekimenak, erabiltzailearen izena eta pasahitza baino indartsuagoak diren kautotze baliabideen garrantziaz kontzientziatzea du helburu
PUNTUEUSek, interneteko mundu mailako beste hainbat eragilerekin batera, Nonprofit Cyber aliantzak bultzatutako ‘World More Than A Password Day’ egunarekin bat egin du. Ekimenaren helburua erabiltzailearen izena eta pasahitza baino indartsuagoak diren kautotze baliabideen garrantziaz kontzientziatzea da.
Autentifikazio seguruagoa erabiltzea da Internetera konektatuta dauden erakundeak eta norbanakoak babesteko har daitekeen neurririk eraginkor eta ekonomikoenetako bat, eta, hori horrela, proiektuarekin bat egin duten elkarteekin batera, edonork seguruago egoteko eman ditzakeen urratsak azaltzen dituen pasahitzei buruzko gida argitaratu dute.
“PUNTUEUSen zeregin garrantzitsuenetako bat gure komunitate osoaren segurtasun digitala zaintzea da, eta, horretarako, hainbat akordio eta elkarlan baliatzen ditugu. Zibersegurtasuna beti izan da gure lehentasunetako bat, eta mota honetako ekimenek nazioarteko babesa ematen die”, adierazi du Josu Waliño, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak.
Gaur, azaroaren 10ean argitaratu den gidako pausuek pasahitzik gabeko autentifikazioa erabiltzea gomendatzen dute, besteak beste. Horrez gain, norbanako bakoitzak bere posta elektronikoko kontua babestu behar duela diote eta pasahitzen erabilera esklusiboari segurtasun-geruza gehigarri bat eransteko ere azaltzen dute. Azkenik, pasahitzen kudeatzaile bat erabiltzeko gomendatzeaz gain, pasahitzak hautatzeko teknikak erabiltzearen garrantzia ere nabarmentzen dute.