SD Eibar eta PuntuEUS bat eginik, euskara sustatzeko

SD Eibarrek domeinu berria izango du gaurtik aurrera, www.sdeibar.eus, euskararen erabilerarekin eta transmisioarekin duen konpromisoa indartzeko asmoz.

Gaur goizean, SD Eibar taldearen webgune ofizialaren domeinu berria aurkeztu dute prentsaurreko batean. Hemendik aurrera, erakunde armaginaren webguneak luzapen berria izango du (.eus), eta erabiltzaileek zuzenean jo ahal izango dute klubaren euskarazko eduki guztietara. Aurkezpena Mikel Larrañagak egin du, SD Eibarreko presidenteordeak, ondoan zituela Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, eta Josu Waliño, Puntu Eus Fundazioko zuzendaria.

Gaur egun ere bada SD Eibarren webgunea euskaraz kontsultatzeko aukera, eskainitako hizkuntzen artean euskara hautatuz (hiru hizkuntza ditu aukeran webguneak: euskara, gaztelania eta ingelesa), baina, domeinu berriari esker, zuzenean jo ahal izango da euskarazko bertsiora. Ekimen horrekin bat eginik, sare sozialetan euskara hutsean dauden profil berriak aktibatzeko asmoa du klubak, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialarekiko duen konpromisoa berresteko.

Beste erakunde batzuekin batera, SD Eibar lanean ari da euskararen erabilera klubaren alderdi guztietan garatzeko: webgunean, sare sozialetan, bai eta administrazio-kontseiluko kideen, lantalde teknikoaren edo jokalarien jendaurreko agerraldietan ere. Klubak, gainera, berretsi du euskara-plan bat egiteko asmoa duela aholkularitza-enpresa baten laguntzarekin.

SD Eibar Eman Hegoak Euskarari programan parte hartzen ari da, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta ikusgai jartzen ari da euskararen erabileraren aldeko konpromisoa irudikatzen duen txantxangorri jatorra. Gainera, SD Eibar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, euskararen erabileraren gaineko prestakuntza eman die Gabonetako eta udako campusetako bere begiraleei, gaztetxoei hasiera-hasieratik emateko kirolaren arloan euskaraz moldatzeko aukera.

SD Eibar Fundazioak gaur bertan aktibatuko du #PuntuEUS kanpaina bere sare sozialetan, bideo baten eta argazki batzuen bidez. Horietan guztietan, euskararen aldeko jarrera aktiboan ageri dira Asier Riesgo lehen taldeko atezaina, Ainhoa Alonso emakumeen lehen taldeko kapitaina, eta Fran Garagarza kirol-zuzendaria.