“IKUSPEGI ANITZAGOAK BEHAR DITUGU GIZARTEAK BEHAR DUEN TEKNOLOGIA ERAIKITZEKO, ETA HOR EZINBESTEKOA DA EMAKUMEEN ETA EUSKARAREN PRESENTZIA”

- ‘Gladysen haritik’ bideopodcastaren aurrerapena ere aurkeztu dute ekitaldian.
Harritxu Gete Ugarte ikertzaile donostiarrak (1991) jaso du gaur 6. Gladys Saria, PUNTUEUS fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak Donostiako Santa Teresa komentuan antolatutako ekitaldian. Ekitaldiari Kerman Orbegozo, Donostiako Udaleko Pertsonen, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak eman dio hasiera.
Harritxu Gete, Matematikan graduatua da (EHU), eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin ondoren (espediente onenaren saria lortuta), Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko doktorego-tesia defendatu zuen 2025ean Cum Laude aipamenarekin. Matematika ikasi zuen arren, bere ibilbide profesionala hizkuntzarekin oso lotuta dago, batez ere euskararako teknologia garatzen.
Geteren hitzetan, prestakuntza eta ezagutza ezberdinak elkartzea giltzarria da gaur egungo erronkei erantzuteko: “Matematika ikasi nuen arren, nire ibilbide profesionala hizkuntzarekin oso lotuta dago, batez ere euskararako teknologia garatzen. Nire ibilbideak erakutsi dit ez dugula zertan bide bakar batean gelditu: gauza berriak probatzea, bidea aldatzea eta diziplina ezberdinetako ezagutzak uztartzea oso aberasgarria da. Horregatik, neska gazteei esango nieke ez izateko beldurrik gauza berriak probatzeko eta beraien bidea bilatzeko. Askotan, zerbaitetan adituak ez garenean, beldurra izan dezakegu gure ikuspuntua azaltzeko, baina ez da beharrezkoa zerbaitetan onena izatea ekarpen interesgarriak egiteko”.
Genero-ikuspegia eta konpromisoa
Sari-banaketa ekitaldian Olatz Perez de Viñasprek hartu du hitza epaimahaiaren izenean eta azaldu duenez, “saridunak Gladys Sariaren helburuekin konpromiso irmoa erakutsi du bere ibilbide profesionalean. Bere lana funtsezkoa izan da gaur egunean euskararako erabiltzen diren itzultzaile neuronalen garapenean, eta genero-ikuspegia txertatu du egindako lanean”.
Epaimahaiak, Harritxuk teknologia alorrera berdintasuna ekartzeko eta euskararen presentzia digitala indartzeko egindako lana nabarmendu du: “ azken urteetan ahalegin berezia egin du neska gazteentzat inspirazio-iturri izateko, komunikabideetan zein jardunaldi ezberdinetan dibulgazio-lanak eginez. Horretaz gain, etorkizunerako proiekzioa ere azpimarratu nahi dugu: alde batetik, hainbat proiektutan lidergoa hartzen hasia delako eta bere lana aplikatua izanik gizartean inpaktu zuzena izaten duelako; eta, bestetik, dibulgazioarekin erakutsitako inplikazioak bere lanaren zabalkundea zein gazteentzako erreferentzia izatea bermatzen dituelako”.
Euskara, Adimen Artifiziala eta hezkuntza publikoa
Geteren lanaren ardatz nagusietako bat euskararen eta hizkuntza gutxituen garapen digitala sustatzea izan da. Eusko Jaurlaritzaren Itzuli eta Vicomtech-en Batua itzultzaile automatikoen garapen eta entrenamenduan parte hartu du. Horrekin batera, teknologiaren erabilera etikoa eta inklusiboa landu ditu bere ikerketetan, itzulpen automatikoko genero-alborapenak aztertuz eta dibulgatuz.
Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren garrantzia hizpide hartuta, Getek azpimarratu du ikuspegi anitzagoak behar direla gizarteak behar duen teknologia eraikitzeko: “ezinbestekoa da emakume gehiagoren presentzia, baina baita orain arte teknologian presentzia txikia izan duten beste kolektibo batzuena ere. Eta horretarako, hezkuntza publikoak funtsezko garrantzia du. Nik pertsonalki, nire ikasketa-ibilbide osoa hezkuntza publikoan egin dut, eta horri esker izan dut gaur egun egiten dudan lanera iristeko aukera”.
Horrekin batera, Euskal Herrian egiten den ikerketa maila altua eta euskarak eremu digitalean duen lekua goraipatu ditu: “Euskarak adimen artifizialean eta eguneroko teknologietan bere lekua izatea ezinbestekoa da euskaraz bizi ahal izateko gero eta digitalizatuagoa den gizarte batean. Adimen Artifizialarekin aldaketa sakonak ekarriko dituen teknologia garatzen ari garen une honetan, aukera dugu hasieratik gure ikuspuntuak txertatzeko: emakumeen eta ikuspegi anitzen presentzia izango duen teknologia eraikitzeko, eta gure hizkuntzak ere bertan bere lekua izan dezan”.
‘Gladysen haritik’ bideopodcasta estreinatuko da urriaren 1ean
Aurkezpenean sorpresarik ere izan da; izan ere, Gladys de Estal inspirazio iturri hartuta, Gladysen haritik bideopodcasta prestatzen dihardute EITBk, PUNTUEUSek eta EHUko Informatika Fakultateak. Egitasmo honen aurkezpena Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak, Lorea Arakistain PUNTUEUSeko Marketin eta Komunikazio zuzendariak eta Elene Mendizabal informatikari zein podcasteko aurkezleak egin dute.
Saio berri honek emakumeek ingurune digitalean eta teknologiaren esparruan duten funtsezko papera erakutsiko du, protagonisten ahotsean. Protagonistak, teknologiaren alorreko profesional gisa bakarrik ez, pertsona interesgarri eta poliedriko gisa aurkeztuko ditu. Aurkezpenean teaserra erakutsi da, eta atalak EITBren Guau plataforman emitituko dira urriaren 1etik aurrera.
Ekitaldiari amaiera emateko, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak hartu du hitza, sariaren ibilbidea eta emakumeen erreferentzialtasuna aldarrikatuz.
Gladys Saria PUNTUEUS Fundazioak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sustatutako ekimena da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusiarekin. Horrez gain, Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB, Donostiako Udala eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntza du.