Nola transferitu dezaket nire domeinu-izena?
Domeinu-izen bat transferitzeko, lehenik eta behin, bi gauza egin behar dituzu zure oraingo erregistratzailearen kudeaketa panelean. Batetik, transferentzia martxan jartzeko domeinu-izenaren AuthCode-a eskuratu beharko duzu eta, bestetik, zure oraingo erregistratzaileak domeinu-izenaren transferentzia blokeatuta (clientTransferProhibited ezarpenaren bitartez) ez daukala ziurtatu.
Nahiago baduzu, zure erregistratzaileari idatzi eta beraiek arduratuko dira domeinu-izenaren transferentzia desblokeatu eta AuthCode-a emateaz.
Bi gauza horiek dauzkazunean domeinu-izena transferitu nahi diozun erregistratzailearen webgunera joan. Zein erregistratzailetara transferitu nahi duzun argi ez badaukazu, gurekin lan egiten duten erregistratzaileak ikus ditzakezu gure prezio-taulan. Erregistratzailearen webgunean zaudela domeinu-izena transferitzeko aukera ikusten ez baduzu, errazena transferitu nahi duzun domeinu-izena erregistratzen saiatzea da. Noski, domeinu-izena dagoeneko erregistratuta dagoela esango dizu, baina domeinu-izena bertara transferitzeko aukera eskainiko dizu.
Transferentzia eskatzean AuthCode-a eskatuko dizu eta horrekin batera domeinu-izenaren kontaktu administratiboaren posta-helbidera mezu bat iritsiko da, transferentzia konfirmatzeko eskatuz. Konfirmazio hori egiteko 5 eguneko epea daukazu, bestela transferentzia bertan behera geldituko da. Posta-helbide hori zein den ez badakizu zure oraingo erregistratzailearen panelean begira dezakezu. Transferentzia konfirmatu ondoren gehienez ere bost egunetako epean domeinu-izena erregistratzaile berrian izango duzu.
Transferentzia bukatu bitartean domeinu-izenak beti bezala funtzionatzen jarraituko du, transferentziak ez du webgunearen edo e-postaren funtzionamenduan inolako eraginik izango.